494 Zenbakia 2009-07-10 / 2009-07-17

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ameriketako bidaia

ITHURBIDE, Maite

Testua eta argazkiak



(2009ko ekainaren 1etik 15era arte)

Euskaldun familia gehienek senideak dituzte Ipar Ameriketan. XX. mende hastapenean trumilka joan ziren Ipar Euskal Herritik Frantziako gerletatik ihes egiteko eta baita bizi hobearen ametsarekin.

Nola ez aipa euskaldun artzainen eragina Ameriketako ekonomian. Nere familiakoek Montanan, Canadako mugan, lurrak ukan zituzten otto (osaba) baten partetik 1960an. Noiztenka elgar ikusten dugu bereziki ezteiak direnean beti norbait dago Euskal Herritik joaiten dena holako egunak elkarrekin ospatzeko. Estakuru hori ginuen aurten Ameriketara bidaia egiteko.

Lehen geldialdia izan da New York–en. Askatasunaren Estatuaren oin bat. New York

Lehen egunean Statue of Liberty–ri,1886an eraikia, bisita egin diogu. Viollet Le Duc (D’Abbadie Hendaiako gazteluaren egilea) eta Eiffel (Portugaleteko zubiaren egilea) honen eraikuntzan parte hartu zuten. Hori kokatzen da Liberty uhartean, Hudson Riverren bazterrean, Manhattan–en hegoaldean. Haraino joaiteko ferrya hartu behar da eta seguritate kontrol ugari pasatu ondoren Statue–aren eremuan iristen zira eta bi orenezko bisitaren aukera duzu.

Erran genezake Statue of Liberty amerikanoen askatasunaren ikurra dela independentzia lortu zutelarik ingelesengandik 1786an eta Frantsesek eskaini zietena mendeurrena ospatzeko. Ohart bat nuke egiteko, dakizien bezala Statue horrek andere baten itxura du eta estreinatu zutelarik emazteek eta haurrek ez zuten parte hartu ospakizunean New Yorken.

Hortik hurbil Ellis Island dago. Egun immigrazioaren erakustokia da. Hortik euskaldunak ere pasatu dira; itsasontziz bidaiatu zutenak 1886tik 1954a arte eta bertan zituzten osagarri kontrolak (29 galdera) iragan ondoren Ameriketan sartzeko eta bizitzeko onartuak ziren. Ehuneko bia baizik zen berriz Europarat itzuliak osasun edo gaizkile arazoengatik. Gaur egun han bertan ordenagailua aurkitzen da eta imigrante baten izena sar dezakezu eta jakin noiz etorri den eta nundik. Manhattan eta Ellis Island.

Nola ez aipa hortik hurbil den Manhattaneko etxe orratzak bata bestea bezain ederra, arkitektura modernoa erakutsiz, denak dirdira eguzkiaren izpien eraginez. Hor bertan ere kokatzen da delako ground zero, dorre bizkien aztarnak. Nahiz eta ez den oraino argi gune horretan zer eginen den, lanetan dira oroitarri baten xutik emateko eta Freedom dorre bat eraikitzeko.

New Yorkek gaur egun fama du munduko artearen kapitala delako. Erakustoki ederrenak aurkitzen dira bata Metropolitan Museum of Art edo Met. Erraiten da urte bat, behar dela dena begiratzeko; hain da aberatsa! Ni pozik nintzen Leon Bonnat XX. mendeko Baionako margolariaren obra batzuk ikusi ditut eta. Bestea da Museum of Modern Art edo MoMA, harrigarria da Aro GAraikideko margo eta zizelkaritza munduko ezagunenak hor daude: Picasso, Miro, Magritte, Brancusi, Matisse, Rodin eta abar.

Beste auzo famatu bat Broadway da. Gauero karrikak betetzen dira jendez antzokietarat joaiteko. Saltokiak, ostatuak berant arte idekiak dira. Gaua ez da ikusten. Publizitateak gaina hartu du. Etxe erraldoien aitzinaldietan animazioak aurkezten dira, eman dezagun azken filmak, berriak.

Ezin da dena erran ikusi behar da hain da New York harrigarria. Mesa Verdeko aztarnak, Coloradon. Colorado

Gure bidaiaren helburua zen Denver –bertan ginuen familiako ezteiak– Coloradoko hiri nagusia, mendi gunean aurkitzen dena 1,600 metrotan. Coloradoko mendietan ibili gira eta han 3000 metrotan autopista zabalak daude. Ameriketan denak beste neurri batekoak dira.

Nik banekien ezkont daitekeela edo elizan edo herriko etxean bainan ez zure etxeko lorategian. Bai, hala egin daiteke Ameriketan, gustuko duzun tokian. Neretzat ustekabeko handia izan da.

Ameriketako euskaldunek ohidura batzu atxiki dituzte hemen gure herrian galdu ditugunak. Aipatu nahi nuke ezteietako bixkotxa edo katalanbroxa opila deitzen dena. Hitzak dioen bezala, hau egina da broxa edo gerren baten inguruan emeki–emeki su bazterrean errea. Arrautza, irin, intxaur edo almendra osagaiez egina da. Arizona eta Utah

Nik entzun nuen munduko zazpi leku ikusgarrienetatik zela Arizonako Le Grand Canyon dela. Aitortzen dut egia dela 3000 metrotik behera begiztatu baitut. Urak eta errekak, Colorado ibaiak, nola zulatu eta zizelkatu duen lurra eta bertako harriak, zutik mila metro egiten duten harrizko eta marmolezko zati batzu utziz. Koloreak ubela, arrosa, gorrail, goizeko oskorri edo ilunabarreko iduzkiaren arabera aldatzen dira. Ibilaldiak daude goiti behera baina ez dugu arriskurik hartu, lehenik ez duzulakotz akidura sentitzen beti behera joaiten baitzira, eta bigarrenik edozein animali aurki daiteke gauaz mendiko lionak, suge gorriak gehi tenperaturak biziki apal joan daitezkela bat–batean. Bryce Canyon, Utah-ko estatuan.

Hortik iparraldeari buruz Utah–en Bryce Canyon aurkitzen da. Hemendik abiatzen diren errekak bi bide aldez aurka hartzen dituzte. Batak mendealdeari buruz California alderat Pazifikoan ixurriz eta bestea ekialdeari buruz Atlantika arte. Hemenko koloreak dira hori, liranja, gorrail, arrosa argia. begietako atsegina. Barnean labirintoak daude eta ibili daiteke oinez edo zaldiz. Zinez mirresgarria da. Neretzat hau da ederrena eta ikusgarriena.

Navajos basamortua zeharkatu dugu, hau da indioen erresuma. Jakin behar da Hopi eta Navajoei esker dugula gaur egun artoa jaten. Ikusi ditugu aztarna arkeologikoak Mesaverden, 1200an utziak eta oraino bihitegiak ikus daiteke mendietako harkaitzetan. Jakin behar da Navajo indioentzat kanioi hauek gune sakratuak direla; beren sinesteak izadian oinarrituak dira.

Bide bazterretan txabola batzuetan Indioek beren eskulanak saltzen dituzte, eskumuturrekoak, lepokoak, beharritakoak eta abar. Gehienak harri urdinez apainduak dira. Beren artean Navajo hizkuntza erabiltzen dute.

Arizonako mendiak begiratuz gogoratu naiz hor gaindi eremu zabal eta erraldoietan ibili diren euskaldun artzainez. Nere ustez gaur egun ez genezake onartu holako baldintzetan lan egitea bakardadean, basamortuan, milaka ardi zure zainpeko, zaldia eta xakurra zure lagun hoberenekin.

Euskaldun artzainek oroit harria zinez merezi zuten Nevadako bortuetan, Nestor Basterrecheak du hau asmatu eta obratu horien omenez, Renon.