493 Zenbakia 2009-07-03 / 2009-07-10
Kameleoien moduan, Imanol Ariasek testuinguruarekin fusionatzeko erraztasuna daukala esan daiteke. Aktorea, 1956ko apirilaren 26an jaio zen Leongo Riaño herrian eta Manuel Maria Arias Dominguez izenarekin bataiatu zuten. Imanol Arias, 1993an, Donostiako Zinemaldian.
Hala ere, familia Ermura mugitu zen bera txikia zela eta bertan igaro zituen bai umezaro eta baita gaztaroa ere. Ikasketei dagokienez, garai hartan beste askok eta askok bezala, Eibarko armagintza lanbide eskolan eman zuen izena; baina hasi bezain pronto ohartu zen ez zela benetako bokazioa betetzen ari eta albo batera utzi zuen heziketa hura. Antzerkigintza bihotzean tatuaturik zeukan ordurako gazte hark eta hala, zenbait euskal antzerki talde independentetan aritzera animatu zen.
Gustura aritu arren, Imanolek gurari handiagoak zituen, eta 19 urterekin eta adorez, etxea utzi eta Madril aldera abiatu zen, bere ametsak egikaritzeko intentzioz. Hiriburu izugarri hartara iritsi berri zen gazteari ez zitzaion talenturik falta eta hala nabaritu zuen Adolfo Marsillac antzerkigileak, berak kontratatu baitzuen Arias Antzezpen Zentro Nazionaleko konpainiako kide izateko.
Eta hutsik egin gabe eta lan asko burutuz, poliki–poliki hainbat paper interpretatzea lortu zuen ermuarrak. Hasi, oholtza gainean hasi arren, pantaila handira 20 urterekin egin zuen salto, Pedro Olearen La Corea filmean lan eginez, hain zuzen. Baina kritiko guztiek diote bere aurreneko paper garrantzitsua ez zela 1981era arte iritsi; Humberto Solásen Cecilia pelikulan izan zen eta Kubaraino bidaiatu zuen errodajean parte hartzeko.
Sei urte ziren Imanol Madrilen zehar mugitzen zela, antzokiz antzoki, errodajez errodaje, eta zinema munduko profesionalak konturatzen hasiak ziren gazte horren potentzialaz. Hala, 1982an Pedro Almodovar zinemagilearen eskuetan jarri eta Antonio Banderas lagun, Laberinto de Pasiones izeneko lanean parte hartu zuen. Argazkia: Segi Albir
Zortea aldeko, makina bat pelikula, antzerki eta telesailetan aritzeko deitu zuten Arias. Filmografiari dagokionez, bere lan askoren artean hauexek ditugu esaterako: La Colmena (1982), Imanol Uriberen Mikelen Heriotza (1984), El Lute: camina o revienta (1987), El Lute II: mañana seré libre (1988), A solas contigo (1990), El amante bilingüe (1993), La flor de mi secreto (1995), Territorio comanche (1996), Buenos Aires me mata (1997), Besos de gato (2003) edota La semana que viene (sin falta) (2006).
Gainera, esan bezala antzerkian ere askotariko obratan jardun du aktoreak. Besteak beste, La vida es sueño (1976), Retrato de dama con perrito (1979), Sueño de una noche de verano (1980), Calígula (1989 eta 1994) edota El gran inquisidor (2008) laneta aritu da.
Eta ezin aipatu gabe utzi telebistarako lanak. Brigada Central (1989), Brigada Central 2: La guerra blanca (1993), Querido maestro (1997), Dime que me quieres (2001), Severo Ochoa: la conquista del Nobel (2001), Cuéntame cómo pasó (2001–gaur egun), Atrapados (2003) edota Mentiras (2005) dira horietariko batzuk.
Pertsonaiaz aldatzeko eta edozein egoera interpretatzeko abilezia; horri esker 1987an Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eraman zuen etxera. Gainera, Goya sarietarako izendatua izan zen 1987, 1988, 1990 eta 1993an. Estatuko Aktoreen Batasunak ere zine aktore onenaren sarirako hautagai izendatu zuen zenbait urtetan (azkena 2007an), eta Telebistaren Akademiak ematen dituen sariei dagokienez, 2003an etxera eraman zuen; urte hartantxe gainera, Malagako Zine Jaialdian aitortu egin zioten ordura arteko ibilbidea, bere omenezko eskultura eraikiz.
Bestalde, enpresari moduan CAYTEC eta Linea Sur enpresen jabea da; aurrenekoak ekologia gaietan dihardu eta bigarrena bere ekoizpen etxe propioa da. Eta Gobernuz Kanpoko Erakunde ugaritan kolaboratu izan du, Munduko Medikuak horien artean.
Horren gorabeheratsua den lanbidean tinko mantentzen jakin du Imanol Ariasek. Galai paperak edota drama gehiagorekin eginikoak, bere interpretazioetan edozertara moldatzen dela argi utzi digun gizona dugu.