493 Zenbakia 2009-07-03 / 2009-07-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: EHZ 2009: Heletako jauzia

ZABALETA, Eneritz

Argazkiak: EHZ



Uztailaren 3–4–5etan iraganen da Euskal Herria Zuzenean festibala. Aurten Heletara(Nafarroa Beherea) joan da festibala, eta herri barnera sartzen dela baliatuz, hainbat berrikuntza proposatuko ditu.

Ostiral honetan hasiko da Heleta musikaz, karrika antzerkiz , zine emanaldiz, dantza tailerrez, kantu eta bertso saioz... blai ezarriko duen EHZ festibala. Baxe Nafarrora itzuliko da aurten, azken bost urteetan Xiberoako Idauze Mendin egon ondoren. Leku berria probestuz, egitarau aberatsa eskainiko dute festibaleko antolatzaileek, goizeko 10:00etan hasi eta gaueko 05:00etan bururatuko dena.

Hamalau urte pasa dira jadanik, Arrosako pentzean, ipar Euskal Herriko hainbat gaztek hiru eguneko musika festibal bat muntatu zutenetik. Izena Euskal Herria Zuzenean zuen festibal horrek, eta urteen poderioz, EHZ deitzen dute festibalariek. Arrosako pentzea milaka gaztek etxe bilakatu zuten, eta Arrosako zola bihurtu.

Baxe Nafarrotik Xiberora joan zen EHZ. Idauze Mendiko pentzeetan, 5 urte pasa ditu. Urte ederrak, Pirinioetako mendien magalean iraganak. Urte guzti horietan, hasierako baloreei fidel gelditu da EHZ. “Ez dugu itxoin ekologia modan izatea gure hondakinak birziklatzeko eta baso berrerabilgarriak proposatzeko. Ez dugu itxoin finantza krisia, sistema kapitalistaren gehiegikeriak salatzeko eta herri alternatibak promozionatzeko. Ez dugu itxoin gauzak zerutik jaistea kostaldeko eta barnealdeko gazteen artean zubiak eraikitzeko, euskara, ipar Euskal Herriaren egoera ezagutzen ez zutenei gure herria zer den erakusteko, gure borrokak, nortasuna, kultura...” dio Eneko Gorri, EHZ–ko bozeramaileak. Oreka TX.

Baloreetan gorena, agian, festibalak eskatzen duen auzolana eta urte osoan lanean ari diren 80 antolatzaile zein festibaleko hiru egunetan dauden 600 laguntzaileen lana. Festibalean ez dago profesionalik, eta lan osoa boluntarioek daramate. Urteetan EHZ–k bere laguntzaileei esker iraun du xutik. Auzolan erraldoi bat da EHZ, eta laguntzaileek egiten duten lanak sortzen du festibaleko giro berezia.

Aurten berrikuntzen urtea izanen da. Orain arte, pentze batean 13 edizio iragan ondoren, 14.a herri batean pasako da. Egunean zehar hainbat animazio proposatu nahi dituzte horrela antolatzaileek : tailer parte hartzaileak izanen dira (dantza afrikarra, euskara kurtsoak, dantza moderno tailerrak...), zine emanaldiak (Checkpoint Rock Fermin Muguruzaren filma, Nomadak TX filma), karrika antzerkia, txarangak... Herriko ostalariek ere ateak zabalik izanen dituzte.

Igandean ere, herri merkatu bat antolatuko da, eta lehen aldiz bertso–pilota partida bat izanen da. Igandeko herri bazkariak hor iraunen du, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta BLE elkartearekin elkarlanean, bazkari biologikoa izanen da. Manu Chao, Emir Kusturica, Safaa Arapiyat...

Hala ere, EHZ–ko muina gaueko kontzertuak izanen dira. Aurten, lehen mailako programazioa osatu du festibaleko antolakuntzak. Ostiral gauak xarma berezia izanen du. Manu Chao, Palestinatik etorriko den Safaa Arapiyat hip hoplari gaztea eta Emir Kusturica ariko dira, besteak beste, eszena nagusian.

Ostiral gauaz gain, larunbata eta igandean orotariko musika estiloak present izanen dira. Elektroa (Beat Torrent), euskal musika (Deabruak Teilatuetan, Des–kontrol, Hudaltzainak ; Mikelhats...), pop rock (The Bellrays, We Are Standard bilbotarrak), reggae–a (The Congos), Hip hop–a (Puppetmastaz). Orotariko musika, orotariko jendearentzat. Horra EHZ festibalak bilatzen duena. Izarne Molina. Izarne Molina : “Berrikuntzen urtea izanen da”

Egun gutxi falta dira festibala hasteko. Nola doaz gauzak ?

Gauzak ongi doaz. Azken egunak falta dira, eta lan anitz badugu. Hala ere, laguntzaileei esker dena prest izanen dugu. Herritarrek ere laguntzen gaituzte. Lan taldeak antolatu dituzte bai animazioak antolatzeko (pilota partida), edo seguritate aldetik.

Laguntzaile anitz izanen dira festibalean ?

Bai noski. Urtero ehunka laguntzaile daude festibalean.Aurten 600tik gora laguntzaile espero ditugu. Lan txandak antolatuak dira, eta kudeatzeko lan anitz bada ere, aitzina goaz. Inor animatzen bada, lekua izanen du, batez ere desmuntatze garaian jendea behar izaten baitugu.

Lehen aldia da Heletan iragaten dela festibala. Nolako harremana duzue herriarekin ?

Gauzak ongi doaz. Herriko Etxearekin oso izpiritu positiboan lan egin dugu urte osoan zehar. Ez dute erabaki erraza hartu, 700 biztanleko herri batean horrelako festibal bat ekartzeak hainbat kezka sortu baitizkio herritarrei. Hala ere, gu heletarrak lehen unetik inplikatzen entseatu gara. Informazio bilkurak egin ditugu, permanentziak segurtatuko ditugu festibal denboran herritarrentzat. Azkenik, heletar guztiak gonbidatu ditugu festibalera etortzera. Sarrera izanen dute dohain, eta lehen begitik festibala ezagutzeko aukera izanen dute.