Euskonews Gaztea
Gaiak: Montxo Armendariz
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Nafarroako Olleta herrian jaio zen Montxo Armendariz zine zuzendaria 1949ko urtarrilaren 27an. Ibilbide profesional oparoa duen gizon honek, Eusko Ikaskuntzak ematen duen Manuel Lekuona saria eskuratu zuen 2008ko edizioan. Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.
Diru gutxirekin hasi zen zinemagintzan Armendariz, baina ez zitzaion garrantzitsuena falta: ilusioa eta lanerako gogoa. Horri esker, urratsez urrats tokia egiten joan zen ikus–entzunezkoen giroan eta aurreneko lana hogeita hamar urterekin aurkeztu zuen, 1979an: Barregarriaren dantza laburmetraia. Segidan etorri ziren Ikusmena (1980) eta Nafarroako ikazkinak (1981). Azken horrek Elías Querejeta ekoizlearen arreta piztu zuen eta horri esker, bere aurreneko luzemetraia egiteko aukera eduki zuen Montxok. Baina aurretik, Ikuska 11 laburra aurkeztu zuen nafarrak.
Produzitzailea edukita, bidea apur bat erraztu zitzaion zinemagile hasiberri hari; bere aurreneko luzemetraia Tasio izan zen eta 1984.urtean ikusi zuen argia. Konfiantza irabazten joan da lanez lan Armendariz, eta gaur egunera arte makina bat pelikula eskaini dizkigu.
Baina kameren atzean eroso sentitu arren, gidoilari lanekin ere gozatzen du, sortutako lanetan argi geratzen denez. Bi egiteko horiek uztartu zituen 27 horas (1986), Las cartas de Alou (1990), Historias del Kronen (1994), Secretos del corazón (1997), Silencio roto (2001), Escenario móvil (2004) eta Obaba (2005) filmetan. Azken hori, Bernardo Atxagaren Obabakoak liburu arrakastatsuaren egokitzapena da.
Baina Montxo Armendarizen beste aspektu bat ezagutu genuen 2002an Javier Corcuerak zuzendutako La guerrilla de la memoria pelikulan; izan ere, bertan ekoizle gisa aritu zen.
Nafarraren pelikulek transmititu egiten dute eta hori nabaritu egiten da. Horregatik, sari bat baino gehiago jaso izan ditu bere ibilbide profesionalean Armendarizek. Bere filmek, Goya Sarietarako izendapen ugari jaso izan dituzte. Las Cartas de Alou, Historias del Kronen, Secretos del corazón eta Obaba lanak izan dira sari horretarako orain arteko hautagaiak eta aurreneko biek eman zioten galardoia azkenean, 1990 eta 1995 urteetan hurrenez hurren. Bestalde, Berlinale festibalean Secretos del corazón saritu zuten 1998an.
Donostiako Zinemaldian ere bere tokia eduki du Montxo Armendarizek. Zuzendari Onenari Zilarrezko Maskorra eman zioten 1986an 27 horas filmarengatik; Film Onenari Urrezko Maskorra 1990ean Las cartas de Alou lanarengatik; eta Ama Lur saria bere ibilbide profesionalarengatik 2001ean. Eta guzti horretaz gain, 1995ean Zinemaldiko epaimahaikidea ere izan zen.
Gainera, badaki zer den Oscar sarietan izendatuta egotea, Secretos del corazón lan arrakastatsuak AEBraino eraman baitzuen 1998an.
Nazioarteko oihartzuna daukan zinemagileak Remigio Mendibururen eskultura eraman zuen etxera 2009ko apirilaren 21ean, izan ere, Manuel Lekuona saria jaso zuen egun horretan Iru?ean; kultura eta sormen artistikoaren alde eginiko etengabeko lana aintzatetsi nahi izan zaio modu horretan. Eta zalantzarik gabe, bere horretan jarraituko du etorkizunean ere.
