478 Zenbakia 2009-03-20 / 2009-03-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Andoni Luis Aduriz

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Donostian jaio zen Andoni Luis Aduriz 1971ko ekainaren 13an. Gaur egun, euskal sukaldaritzaren maila gorenean aurkitzen den gaztea da eta bere sormenek nazioartean ospea eman diote.

Sukaldeko usainek eta bertatik sortzen diren zapore anitzek deituta, Donostiako Ostalaritza eskolan eman zuen izena Adurizek. Beste sukaldari handi batzuekin lan egiteko aukera eduki zuen hasiberritan, besteak beste, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana edota Hilario Arbelaitzekin.

Laurogeita hamargarren hamarkadan, 1990 eta 1991. urteetan, Gironako Roses herriko El Bulli jatetxeko lantaldearen parte izan zen, Ferran Adrià sukaldariaren agindupean. Eta 1996an berriz, beste sukaldari ezagun batekin aritu zen: Martin Berasategi, horren sukaldeko buru gisa ihardun zuelarik.

Baina 1998an urrats berri bat eman zuen sukaldari donostiarrak. Bakarkako bidetik abiatu zen eta bere kabuz, ordura arte ikasitako guztia praktikan jartzeari ekin zion. Hala, Errenteriako (Gipuzkoa) Otzazulueta baserriko Mugaritz jatetxea zuzentzen du ordutik.

Plater eta plateren artean esperimentatuz joan da sukaldaria. Modu horretan, era tradizionalez jakiak birsortzeaz gain, zientziari ere aukera bat eman dio; horretarako, Azti–Tecnalia teknologia zentroarekin lankidetzan aritu da, esaterako. Txaloak edota kritikak jaso izan ditu sukaldariak, baina argi dago inor ez dutela oharkabean utzi bere kreazioek.

Hala ere, mundu zabaleko kritikek sukaldariaren alde egin dute gehien bat eta hainbat hedabideetan, adituek ehunka adjektiboz kalifikatu dute. Besteak beste, “mutil prodijioa“ izendapena eman zion The New York Timesko kritikari Frank Brunik.

Zenbait liburu ere kaleratu ditu, batzuk egilekide gisa, bestetan bakarka; guztiak baina, sukaldaritzari lotuak. La joven cocina vasca (1996), El mercado en el plato (1998), Tábula Bacalao (2003) dira beste autore batzuekin eginiko lanak. Mugaritzeko koadernoak bilduma ere kaleratu du eta horren barruan Foie Gras (2002), Clorofilia (2004) eta Bestiarium Gastronomicae (2006) daude. Tabula bildumaren barruan berriz, Tabula huevo (2000), Tabula 35 mm (2007) eta La botánica del deseo (2008). Azkenik, Txikichef (2006) deitutako haurrentzako liburua argitaratu zuen.

Esan bezala Adurizek kritika positibo asko eta asko jaso ditu eta modu horretan behin baino gehiagotan aitortu izan zaizkio sukaldaritzari eginiko ekarpenak. Donostia saria eman zioten 2001ean; urte berdinean, Bidasoa Saria. Gastronomiako Sari Nazionala eman zioten 2002an; Gastronomiako Euskadi Saria berriz, 2003an. Haurrei zuzendutako Txikichef liburuarekin berriz, Gourmand World Cookbook Awards saria eman zioten 2006an.

Gainera, CAMPSA gidan kalifikazio altuena daukan profesionala da 2004tik eta “urteko sukaldari” moduan izendatua izan da behin baino gehiagotan. Eta bestalde, bi Michelin izar eman dizkio Mugaritz jatetxeari, azkena 2005ean.

Berritzen jarraituko du Andoni Luis Adurizek su artean, orain arte bezala, usaimenerako, ikusmenerako edota ahosabairako gozagarri.