
Artisautza
Kuluma. Gaur egungo bitxigintza: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Demagun gure artisauak zilarrezko eraztunak egin behar dituela. Horretarako, dena prestatzen du galdaketa batera egiteko. Ostean, eraztun bakoitza hartu eta banan-banan landu eta amaitzen ditu, denak desberdinak baitira. Baina, hasteko, oinarrizko pieza behar du, adibidez, eraztuna edo belarritakoa. Lehenengo eta behin, eredua egiten du, banan-banan eta eskuz.
Piezak prest dituenean, bakoitzaren moldea egiten du. Ore berezia erabiltzen du moldea egiteko; piezaren gainean jartzen du eta orea kendu ondoren, hutsunea gelditzen da, eraztunaren edo dena delakoaren negatiboa izango dena. Hori lortzeko kautxu berezia erabiltzen du, plastilina antzera. Itxi eta gogor lotzen ditu moldearen bi aldeak. Jarraian, argizaria urtzeko labetik argizari likidoa atera eta goian aipatutako moldea beteko du. Kontu handia izan behar da haize-zulorik edo pororik geldi ez dadin argizari barruan.
Argizaria hozten denean, moldea ireki berriro eta egin nahi dugun pieza dugu, baina argizarizkoa. Azaldutakoa nahi den beste aldiz egin daiteke. Ondoren, argizarizko pieza guztiak batu eta soldatu egiten dira, bitxigileek “arbola” esaten diotena osotzeko, arbola itxura omen du eta.
Arbola metalezko zilindro baten barruan sartu eta igeltsu fin-finez beteko dugu. Zilindroa huts-makinan sartu behar da haize-zuloak barrutik ateratzeko. Gero, moldea bi ordutan utziko dugu sikatu eta igeltsua gogortzeko.
Igeltsua gogortuta dagoenean, moldea, barruan argizarizko arbola daukana, labean sartuko dugu 750 ºC-tan, argizaria desagertzeko. Argizariaren hutsuneak zilarrak beteko ditu. Artisauak argizaria noiz desagertuko den kalkulatu eta labetik ateratzen du moldea, hozteko.
Jarraian, metala urtu egin behar da arragoan. Gure adibidean erabiliko dugun metala zilarra da.
Moldea zentrifugadorean jarri eta barruan zilar likidoa sartuko diogu. Barrua bete dugunean eta oraindik metala bero dagoenean, martxan jarriko dugu zentrifugadorea. Esan beharrik ez dago dena arin egin behar dela. Helburua da haize-zulorik ez egotea likidoaren barruan.
Behin hoztu eta gero, arbola aterako dugu, oraingoan zilarrezkoa. Sega txikiarekin pieza bakoitza ebakiko dugu, elementu guztiak banan-banan jartzeko: eraztunak, belarritakoak...
Pieza amaituta egoteko, karrakatu, lixatu eta leundu egin behar da, banan-banan eta kontu handiz.
Gure artisauak honako tresnak ditu lanerako: argizari-likuadorea, huts-ponpa, labea, urtzeko arragoa (butano-sopletez berotzekoa), zentrifugadorea, leungailu birakaria, txapa edo haria egiteko ijezkailua, hariak egiteko trefilagailuak eta ehunka eskuko tresna.
Azaldutako prozesua mikro-fusio sistema da, edo, bestela esanda, presiozko argizari galduzko galdaketa.
Lan-mahaia beirate handi baten ondoan du, lanerako argitasun handia izan dezan. Bestalde, lan-mahai txikia ere badu, azoketan eta erabiltzen duena.
