
Artisautza
Kuluma. Gaur egungo bitxigintza: Historia
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Antzina eta luzaroan zilarra dirutzat erabiltzen zen.º Baina mitologian eta herri-sinesmenetan ere erabili izan da. Esate baterako, hinduen elezaharren arabera, egon bazegoen zilarrezko mendi zoragarria, Calaya izenekoa, hinduen hirugarren paradisua zena. Bertan Ixora jainkoak agintzen zuen eta idi gainean ibiltzen zen batetik bestera. Han bizi omen zen gurtu egiten zuten zerbitzariekin.
Triglav Brandeburgen eta Stettinen gurtzen zuten idoloa zen. Zilarrezko hiru buru zituen; bekokian eta ezpain inguruan urrezko zinta zuen.
Gure herrian ohikoa izan da aberatsek zilarrezko edalontziak erabiltzea, uste baitzuten zilarrak neutralizatu egiten zituela pozoiak, era guztietakoak. Horrela, euren ustean, ezin zituzten pozoitu, ez nahi gabe, ez etsairen batek nahita.
On Joxe Migel Barandiaranek honelako ohitura jaso zuen Leitzan: sagarra biltzeko, lurraren jabeak laguntza eskatzen zien auzokoei. Lanak amaitu ondoren, merienda egiten zuten bertan eta jabea aberatsa zenean, ardoa barkillo izeneko zilarrezko plater txikian banatzen zuen.
Gaur egun ere, gure inguruko baseliza batzuetan ohitura da meza amaitu eta gero, bertaratu direnei ardoa zilarrezko katiluan ematea.
Lehena zilarrezko bitxiak erabiltzen zituzten begizkorik ez izateko eta ohikoa zen umeen eskumuturretan ipintzea.
Trebiñon ere aurkitu genuen zilarrarekin zerikusi duen ohiturarik. Inguruko etxe aberats batean, oraintsu arte, ekaitza zetorrenean, zilarrezko txilina jotzen zuten, uste zutelako horrela uxatu egiten zutela txingor suntsitzailea. Aipatutako ohitura “Santa Kutzetik Santa Kutzera” egiten zuten, hau da, maiatzaren 3tik, Gurutze Santuaren Idorokundetik, irailaren 14ra, Gurutze Santuaren Gorapenera. Izan ere, orduan zaindu eta babestu behar dira uztak, batez ere, gariarena.
Azkenik, ohitura zen apaizak brontzezko kanpaia galdatzeko elizkizunean, zilarrezko txanpona botatzea likidoari, horrela kanpaiak soinu hobea izango zuelakoan.
