
Artisautza
María Jesús Lorenzo. Maisu Brodatzailea: Prozesua
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Pedaldun makina zaharra erabiltzen du lanerako, harekin moldatzen baita ondoen. Brodatuen oinarri izango diren oihalak lanaren arabera aukeratzen ditu. Horrela, txapelen edo zinten kasuan gainean brodatzen du, banderak egiteko satinezko oihalak aukeratzen ditu, emaztegaien soinekoetarako erabiltzen diren horietakoak, nolabaiteko sendotasuna baitute, edo bestela distirazko ehuna, ur-marrazkiak dituena, oinarri oso polita baita.
Brodatzeko hari bereziak erabiltzen ditu. Mota horretako hari gehienak Katalunian egiten dituzte.
Hainbat tamainatako euskarriak ditu brodatzeko.
Honako hau da lan-prozesua:
1.- Marrazkia paperean egiten da.
2.- Paperetik oihalera kalkatzen da marrazkia, kalko beltza erabiliz. Oihala iluna denean kalko zuria, horia, urdina, gorria edo beste kolore batekoa erabiltzen da.
3.- Oihala euskarrian jartzen da.
4.- Makinaz brodatzeari ekiten zaio.
Txapelak brodatzeko ez da euskarririk erabiltzen, oihala eskuz eusten da. Kasu horretan testua eta irudiak seta-paperean marrazten dira. Papera txapelaren gainean jarri eta marrazkia atzera-puntadaz markatzen da. Ondoren, papera kendu eta marrazkiaren tarteak betetzen dira makinaz brodatuz.
Eskuoihalen kasuan, marrazkia ezin denez kalkatzeko paperaren bidez kopiatu, Maria Jesusek “paper sulfurizatua” erabiltzen du. Paper berezia da, nahiko sendoa, seta-papera baino gogorragoa. Paper horren gainean egiten du marrazkia, gero papera zulatu eta eskuoihalaren gainean jartzen du. Ondoren, kolorezko hautsa botatzen du gainetik eta horrela eskuoihala marraztuta gelditzen da. Orduan, marrazkia ondo zehaztu eta tarteak betetzea izango da kontua.
Brodatzeko fasean “kordoiak” edo “oso motako gidak” jartzen dira, hau da, tira edo kordoiak. Horiek brodatua mugatzen dute eta nolabaiteko sendotasuna ematen diote. Nahi badugu, beste bat jar dezakegu 5 mm-ra, eta hutsunea betez eta biak estaliz bolumen txiki bat lortuko dugu. Modu horretan fondoa edo letra erliebean osatuko dugu.
Bukatzeko muturrak errematatu behar dira, ia ikusezinak izango diren puntada txikien bidez. Loturaren bat balego, errematea bertan egiten saiatzen da, bide batez estaltzeko.
Armarriak eta banderak brodatzen direnean lana osatzeko itzalak ere egiten dira, beste kolore batzuk erabiliz.
“Kalatu-lanak” ere egiten ditu. Hainbat tamaina eta formatako zuloak dituztenei “Richelieu” esaten zaie. Horietan oihala zulatu egin behar da eta gero zuloen inguruak errematatu egin behar dira.
