
Artisautza
María Jesús Lorenzo. Maisu Brodatzailea: Produktuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Gure artisauaren lanak hiru alde ditu:
1.- Josteko eta brodatzeko ALFA makinen salmenta. Bezeroak ez du aholkulari hoberik aurkituko.
2.- Makinaz brodatzen irakasteko eskolak eta ikastaroak ematen ditu.
3.- Bezeroak eskatutakoa artisau eran brodatzen du.
Brodatzeko hiru modu daudela azaldu behar da:
A.-Eskuz egindako brodatua. Antzinako erara brodatzen da, eskuz, inongo makinarik gabe. Denbora gehiago behar da, baina errazagoa da.
B.- Makinaz egindako artisau erako brodatua. Horretarako gustua behar da, teknika menperatzeaz gain. Izan ere, puntada bat ematean huts eginez gero, desmuntatu eta puntua kendu egin behar da aurrera egin baino lehen, eta horrek lan handia eskatzen du. Horregatik garrantzitsua da teknika menperatzea, pultsu ona edukitzea eta baita eskarmentua izatea ere.
C.- Brodatu mekanikoa. Programadun makina modernoekin egiten da.
Hiru lan motak erraz bereizten dira. Eskuz egindako brodatuak lauagoak dira, estali besterik ez dute egiten, bolumen gutxiago dute. Makinaz egindako artisau erako brodatuetan marrazkiek bolumen handiagoa izan dezakete, puntadak puntaden gainean ematen baitira. Programatutako makinekin egindako brodatu modernoak linealak dira, ez dira hain politak.
Makinaz brodatzea da bere espezialitatea, pedala duten “makina beltz zaharrak” erabiliz. Maria Jesusek ALFA markako pedaldun makina du, motor gabea. Dagoeneko 41 urte daramatza harekin lanean, eta garai hartan 2.000 pezeta ordaindu zituen bigarren eskuko makinagatik.
Era guztietako brodatuak egin ditu: eskuoihalak, izarak, kasullak, aldarean jartzeko mahai-oihalak, estandarteak, udaletxeetan jartzeko eta estropadetako irabazleentzako banderak, agur-ekitaldietarako edo urteurrenetarako oroigarriak, txapelak, adur-zapiak, Irungo (Gipuzkoa) eta Hondarribiako (Gipuzkoa) alardeetako kantinerentzako bandak, txirrindulari-lasterketetarako zintak, etab.
Orain arte, denbora gehien kendu dion lana Emakumeen Kontxako Lehen Banderaren ingurukoa izan da. Bandera egiteko 450 ordu behar izan ditu, eta gainera kopia txikiagoak egin ditu arraunlarientzat, 22 mutilentzat eta beste horrenbeste neskentzat. Arraunlari irabazle bakoitzari markoan sartuta oparitu diote garaikurra.
