459 Zenbakia 2008-10-31 / 2008-11-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Richard Oribe

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkia:Javier de Aymerich

Richard Oribe Donostian jaio zen 1974ko otsailaren 22an. Garun–paralisia medio, kirol egokituak praktikatu izan ditu, eta gaur egungo igerilari onenen artean daukagu gipuzkoarra.

Aspace erakundeko Dordoka Kirol Elkartean hasi zen kirol munduan barneratzen eta modalitate desberdinak probatu ostean igeriketarekin bere barnea asetzen zuela jabetu zen. Nahiz eta hasierako helburua, batez ere, igeriketa terapia gisa erabiltzea izan, bere afizio eta ofizio bihurtu da. Egun, Konporta Kirol Elkarteko kidea da eta Javier de Aymerich du alboan entrenatzaile.

Donostiarrak igeriketara 1991an egin zuen behin betiko jauzia eta gogor entrenatzeari ekin zion. Egunero bi eta lau ordu artean aritzen da, igerilekua eta gimnasioa uztartuz. Hala, 1992an Bartzelonan ospatutako Paralinpiar Jokoetarako txartela eskuratu zuen. Bidai hartan ez zen gogorik falta izan, baina egia da urduritasuna ere Richarden bidaia–lagun izan zela. Gauzak horrela, epaileak “prest!” oihu egin eta momentu egokia baino lehen uretara salto egin zuelako deskalifikatu zuten.

Zorionez, patuak egindako jokaldi makurra burutik kendu eta kikildu gabe aurrera egin zuen. Hala, gogor saiatuta parte hartu duen txapelketa gehienetan emaitza ikusgarriak eskuratu ditu, eta horrek Atlanta, Sydney, Atenas eta Beijingenera joateko ateak ireki dizkio. Argazkiaren oina eta egilea

Bitxikeria gisa esan daiteke hasiera batean ez zegoela oso motibatuta 2008ko jokoetan parte hartzeko. Hala ere, azkenean Javier entrenatzaileak eta Konporta elkarteko lehendakari Paul Lagranjek animatu egin zuten. Lau probatan aritu zen Txinan eta beste behin ere, aparteko lana egin zuen euskal kirolariak: urrezko domina bat eta zilarrezko hiru ekarri zituen etxera.

Ezin ahaztu daitekeen datu bat ere badago: bere mailan palmares onena duen kirolaria dela. Paralinpiar Jokoei dagokienez, guztira bederatzi urre, bost zilar eta brontzezko baten jabe da. Oso kirolari gutxik hartu dute parte bost joko olinpikotan eta Richard Oribe dugu horietariko bat. Orain ikusi egin behar 2012ko Londreseko hitzordura joango den, baina erabakitzeko denbora asko dauka oraindik. Bitartean, lehiatzen jarraituko du txapelketatan.

Kirolaz gain, Oriberen beste afizioetariko batzuk musika eta informatika dira eta gainera, Realaren jarraitzailea ere bada. Bestalde, bere gurasoek duten tailerrean ere laguntzen du.

Ukaezina da gazte honen igeriketa maila paregabea eta 2008ko urriaren 19an Donostiako Antiguo eta Benta Berriko auzokideek merezitako omenaldia egin zioten. Orain arte izandako lorpenak asko izan dira eta ziur etorkizunak ere Richard saritzen jarraituko duela, kirolari zein bizitza pertsonalari dagokionez.