
Artisautza
Majestik. Jai eszenografia: Prozesua
Bezeroak “zer nahi duen” eta “zertarako nahi duen” jakin behar da aurrena, desberdina baita elementu apaingarri bat izan dadin, edo piezaren gainean haurrak edo helduak joan daitezen. Pieza egiteko zer gai erabili aukeratu behar da, hark gauza asko jasan beharko baititu: gainean joango direnen (gauzak eta/edo pertsonak) pisua, eguraldia, eta zuhurtziarik ezagatik gerta daitezkeen istripuak (sua, esaterako).
Horretarako, eta diseinu elektronikoa baliatuta, egin behar den elementua marrazten eta sortzen da birtualki. Hark, gero, pieza nola banatu behar den eta haientzat zer egitura sortu behar diren aztertzen lagunduko die.
Motiboa aukeratu, eta marrazkia egiten da. Marrazkia (zeina eskala txikiagoan egiten den maiz) egin ondoren, tamaina naturalean eta buztinez egiten da pieza (batzuetan, zatika, hau da, burua alde batetik, gorputza bestetik, hankak, etab.).
Fase hori amaitutakoan, moldea edo negatiboa ateratzen da handik, eta horrek lagunduko digu egitura beira-zuntzez (lehenago, harri-kartoiz) egiten.
Pieza guztiak eginda daudenean, muntatu egiten da dena, hau da, elementu guztiak batzen dira, barrutik metalezko edo zurezko elementuak (edo tamainagatik nahiz erabileragatik behar direnak) jarrita, obrak beharrezko erresistentzia eduki dezan.
Hurrena, pieza osoa leuntzen da, eta, gero, pintatu.
Piezak amaitutakoan, buru-hausgarri bat bailitzan muntatzen da dena, eta azken doitzeak egiten zaizkio. Gero, berriz desmuntatu, eta pieza guztiak paketatzen dira, behar den lekura bidaltzeko.
Iñakiren arabera, alde estetiko handia dago iparraldeko gustuko piezen eta Mediterraneokoen (falla erakoak) artean. Hemen, koloreen harmonia eta neurritasuna ditugu atsegin; adibidez, pieza guztiak zuriak edo urre-kolorekoak. Valentzian eta eskualde hartan, aldiz, kolore askotakoak eta barrokoak gustatzen zaizkie.
Oinarrizko gai hauek erabiltzen dituzte beren obrak egiteko: zura, burdina, beira-zuntza, batzuetan harri-kartoia eta poliestireno hedatua (arrunki kortxo zuria deitua), pinturak, eta oihalez, gazez eta beste batzuez osatutako atrezzoak.
