
Artisautza
Majestik. Jai eszenografia: Produktuak
Iñakiri hau esatea gustatzen zaio: “Ilusioa eskaintzen baduzu, bizitzak ilusio gehiagoz ordaintzen dizu”, eta, hain zuzen ere, horretan aritzen da MAJESTIK osatzen duen taldea: ILUSIOA sortzen, FANTASIAren bitartez. Horra enpresaren politikako bi hitz giltzarri.
MAJESTIKen produktuek honako bi talde hauei sortzen diete ilusioa; haurrei, errege magoen kabalgatetan, eta helduei, inauteri-konpartsetan.
MAJESTIK bere arloko aholkularitzan aritzen da, eta edozein apainketa-lan diseinatzen eta egiten du: erakusleihoak, azoka-esparruak, erakusketak, ospakizun berezietarako (ezkontzak, enpresa-bilerak, etab.) jatetxeak, festak, era guztietako gertaerak, karrozak, etab.
Fantasiazko eta inauterietako jantziak saltzen ditu, bai bertokoak, bai inportatuak.
Europa osoan aritzen dira lanean, Frantziatik Portugaleraino; honako hiri hauetan, besteak beste: Puerto de Santa María, Pontevedra, Bilbo, Tutera, Donostia.
Datu adierazgarritzat, esango dugu azken Eguberrietan 160 karroza muntatu zituztela.
Majestikek errentan uzten ditu piezak, ez ditu saltzen, salbuespen batzuetan izan ezik; adibidez, Bilboko Athletic Cluben eskariz, eta haren mendeurrena zelako, lehoi handi bat saldu zien, eta taldea Bizkaia osoan ibili zen harekin.
Alokatzeko piezen kasuan, bezeroak aukeratzen du zer pieza muntatu nahi duen (katalogoz edo bideoz ere egiten da), eta Majestikek kamioiz bidaltzen dio. Erabili ondoren, bezeroak itzuli egiten du.
Majestikek baditu halaber zenbait plataforma (6, 9 eta 12 metrokoak). Nahi izanez gero, bezeroak plataformarekin batera aloka ditzake elementuak. Elementu guztiak, baita plataformak ere, moduluz osatuta daude, eta, beraz, kamioiz, ontziz edo are hegazkinez bidaltzen dira. Logikoa denez, bolumena-pisua ahalik eta txikiena izan dadin dago aztertuta dena, garraioa ongi jasan dezaten, eta gero erraz munta daitezen.
Erraldoien eta buruhandien buruak ere konpontzen dituzte (egin ez), eta erraldoientzako, Erdi Aroko azoketarako, desfiletarako eta danborradetarako jantziak egiten dituzte. Hor, pauta historikoak jarraitzeko eskatzen zaie askotan.
Majestiken ospeak eta trebeziak mugak igaro dituzte. Enpresa gonbidatua izan zen Marugameko (Japonia) Eszenografia Jaialdian, eta Dohako (Qatarko Estatua) Kulturen Nazioarteko Jaialdiko desfilea antolatzeko kontratatu zuten.
Majestikek hainbat sari eskuratu ditu bere 20 urteko historian; Donostiako inauterietan, esate baterako, konpartsa beteranoentzat eta konpartsa jaioberrientzat sortu baititu karrozak.
Lehen sari ugari eta beste ohore batzuk eskuratu zituen Logroñoko San Mateo jaietako Karrozen Lehiaketan ere, Haroko Udalaren ordezkari gisa.
