
Artisautza
Majestik. Jai eszenografia: Artisaua
Iñaki Becerra Iturgaiz Pasai Antxon jaio zen, 1953ko azaroaren 24an. Aitak Ignacio zuen izena, eta amak, Josefa. Errenteriako Korazonisten ikastetxean ikasi zuen, eta, gero, enpresa-ikasketak egin zituen, EUTGn, Donostian.
Pasaiako aduana-zerbitzuan hasi zen lanean. 21 urte egin zuen bertan, nahiz eta azken lauan lan hori bere benetako grinarekin aldizkatu zuen, hau da, apainketarekin eta atrezzoarekin, karrozak muntatzen baitzituen inguruko herrietako jaietarako. 1994an, utzi aduanetako lana, eta profesional moduan heldu zion besteari.
Lanbidea hobeto ikasteko, artisau fallagile batekin aritu zen lanean.
Hasieran, Pasaiako lantegi txiki batean aritu zen, eta, 1997ko maiatzaren 17an, Lezoko industria-pabiloi batean jarri. Hantxe ari da orain, eta Pasaiako lantegia saltoki gisa darabilte. Ehunak, mozorroak eta osagarriak, oihalak eta lanbideko beste zenbait elementu saltzen dituzte bertan. Lantegian dago MAJESTIKen bulego zentrala ere.
Urtero, San Josef aurretik, egun batzuk ematen ditu Valentziako artisau fallagile baten lantegian. Hor, Iñakik dioenez, beti ikasten da zerbait, nahiz eta orain adiskidetasunagatik eta plazeragatik joaten den gehiago.
Hona artisau-taldea osatzen duten lagunak: Iñaki Becerra, zuzendaria; Arantxa Becerra, Pasaiako saltokiko arduraduna eta jantzietarako aholkulari espezializatua; Domingo Fernández, diseinatzaile artistikoa, eta beste hiru lagun. Azken horiek irudiak egiten eta konpontzen dituzte, eta haiek muntatzen, inguruko eta urruneko herrietan.
MAJESTIK Oarso kalea,13, behea esk. PASAI ANTXO Tel.: 943 34 00 64 Mugikorra: 639 196 997 Fax. 943 52 97 83 Posta elektronikoa: majestik@iturgaiz.com Web orria: www.iturgaiz.com
Industrialdea, 27. eta 28. pabiloiak LEZO
