457 Zenbakia 2008-10-17 / 2008-10-24

Artisautza

Majestik. Jai eszenografia: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

Historia

Grezian zein Erromatar Inperioan, herri teutoietan zein gizarte zeltan, gurpildun itsasontzi bat (“carrus navalis”, “karnabal” hitzaren jatorria beharbada) ibilarazten zuten jendaurrean, eta dantza satirikoak eta gordinak interpretatzen zituzten haren gainean. Baditugu frogak horretaz; K.a. VI. mendetik, Grezian, eta, gero, Erromatar Inperioan.

Tazitok germaniar prozesioak aipatzen ditu. Haietan, batzuetan Nertha-ren sinbolo zen golde batek ordezten zuen itsasontzian tronuratuta zegoen jainkosa.

Erroman, Isis egiptoar jainkosari eskainitako gurdi batez egiten zen prozesioa, eta, gero, zeltengana eta germaniarrengana hedatu zen haren gurtza.

Publius Hostillius-ek instituzionalizatu zuen jaia Erroman. Saturnoren omenezko lehen tenpluari eskaini zitzaion. K.a. 217an ezarri zen haren liturgia. Garai haietan, egun batean bakarrik ospatzen ziren inauteriak, hots, abenduaren 17an.

Augustok hiru egunera luzatu zuen jaia; Kaligulak, laura, eta, azkenean, Domizianok, astebetera. Festak, opari-trukeak eta kale-azokak egiten zituzten; indultuak eta amnistia judizialak ematen; menia militarrak hitzartzen, eta beste jarduera asko.

Ikus daitekeenez, jadanik K.a. VI. mendetik dugu inauterietarako karrozak egiten zirelako berri. Grezia eta Erroma bezalako toki urrun eta aldi berean hurbiletan egiten zituzten. Eta ez dugu ahaztu behar jaiaren antzinatasunari buruzko datu interesgarria ere.

Sebastián de Cobarruvias-en lehen gaztelania-hiztegiaren (1611) arabera, “gurdia” damek erabiltzeko egokitu zenean, izen femeninoa ezarri zitzaion: “karroza”.

Egungo Espainieraren Errege Akademiaren hiztegiak honela definitzen du karroza: “gurdi handi aberaski jantzia eta apaindua” eta, hedaduraz, “horrela deitzen zaie erlijio-ospakizunetarako egiten direnei ere”.