Euskonews Gaztea
Gaiak: Maider Unda
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Gasteizen jaio zen Maider 1977ko uztailaren 2an, baina Aramaioko Oleta auzoa du bizitokia. Txikitatik afizio itzela erakutsi zuen borroka librearekiko, eta horretan dihardu buru–belarri. Argazkia: Iker Barandiaran.
Esan bezala, oso gazte zela hasi zen Maider beste neska–mutilekin borrokan; baina ez bihurrikeria gisa, gimnasio batean baizik. Etxetik gertu, Otxandion ekin zion kirol honetan trebatzeari bederatzi urte besterik ez zituela. Hala ere, bere kideak apurka kirol hau uzten hasi ziren eta Maiderrek urte batzuk iraun zituen arren, aspertu eta bertan behera laga zuen aurkari falta zuelako.
Baina 1998an emakumeen arteko aurreneko Espainiako Txapelketa antolatu zenean itzuli egin zen eta barruko artegatasuna asetzen joan zen hala. Ordutik gogo handiz entrenatzen du arabarrak eta Espainiako taldeko kidea da.
Hala ere, ez da emakume honek duen eginbehar bakarra. Nahiz eta elektronika inguruko ikasketak egin zituen, bere lana baserri mundukoa da. Maiderrek ardiak ditu Aramaion eta hauek ematen duten esnearekin Idiazabal jatorriko gazta egiten du. Hori da gazte honen ogibidea; borroka berriz, egia bihurtutako afizioa.
Kirol guztiek bere arriskua daukate, eta Maiderrek ezagutu ditu borroka librearen alde on eta baita txarrak ere. Ilunen artean lesioak daude eta besteak beste, 2001ean masailezurra hautsi zioten txapelketa batean edota bi urte beranduago, beste txapelketa batean eskuineko belauneko menisko eta lotailua ere apurtu zioten.
Kirol honen gazitasunak ezagutu arren, gozotasunak ere iritsi zaizkio Maiderri. Esate baterako, 2001eko Mediterraneo jokoetan hirugarren geratu zen eta 2007ko mundu txapelketan bosgarren tokia eskuratu zuen. Horrek, 2008an Beijingen ospatu diren olinpiadetan jokatzeko txartela eman zion. Hala ere, gazte hau ez zen gustura itzuli Txinatik. Kanporatu egin zuen Agniezka Wieszczek poloniarrak eta brontzezko domina eskuetatik ihes egin zion hala arabarrari. Gainera, ez zen goxoa izan borroka; aurpegia atzamarkadekin eta ezkerreko begian ubelunearekin itzuli baitzen etxera.
Gertatuak gertatu, Maiderrek egoera zailetatik ikasten duela erakutsi du behin eta berriz. Hori horrela izanda, hurrengo erronkari heltzeko ardiekin lan egiten eta gogor prestatzen jarraituko du.