Euskonews Gaztea
Gaiak: Beldurra
Jaiotzen garenean, gure amaren umetoki beroa, goxoa eta atsegina uzten dugu eta ezer ez dakigun mundu ezezagun batera irtetera behartzen gaituzte. Gu oso gustura egoten gara gure amaren barruan, berak ematen digu jaten, berak babesten gaitu, eta guk ez dugu ezer egiten, hazi, besterik ez.
Orduan, bat–batean, gure babes hori desagertu egiten da, ez dakigu zergatik baina gure hasierako txokotik ordura arte ezagutu dugun leku bakarretik, umetokitik, irtetera behartuak izaten gara eta esku ezezagun batzuek hartzen gaituzte. Gela batean, leku itxi batean gaudela konturatzen gara eta bertako pertsona guztiak guri begira daude. Momentu horretan sentitzen dugu lehenengo aldiz bizitza osoan zehar gure barnean, gure inguruan, egongo den sentimendu bat: BELDURRA.
Beldurra ezezagunari, beldurra bizitzan ematen diren aldaketei, beldurra sentimendu eta pertsona berriei, beldurra sufritzeari, beldurra maite ditugun pertsonak galtzeari, beldurra aldaketei, beldurra beldurrari...
Bai, horrela da mundua eta gure inguruaren nondik norakoak ikasi eta ikusi artean. Gure hezitzaileek beldurra sartzen digute neurriak jartzeko, “kontuz erori egingo zara”, “hori kaka da” ... eta sarri beraien izuak barnerarazten dizkigute.
Orduan, beldurra berez daukagu edo pertsonak pertsonari sortutako sentimendu bat da? Naturala da? Munduko alde bakan batzuetan bizi diren tribu isolatutako pertsonek badaukate ikararik? Agian beraien eguneroko bizitzan ez, baina bat–batean pertsona ezezagun bat, beste kultura batetakoa, agertzen bazaie eta menderatu eta gauzak inposatzen hasten bada, beldurra sentituko dute lehenengo aldiz?
Azken finean ondorioztatu nahi dudana da, berez, nire ustez, beldurra gure bizirauteko instintuetako beharrezko tresna bat dela. Baina gehiegi erabiltzen da, gehiegi puzten da; hau da, berez izan beharko genituzkeen baino beldur gehiago edukitzen ditugu gure gizarte ero honetan. Adibidez, lehoi bat aurrean baldin badugu edo berrehun metroko altuera batean eskalatzen ari garela soka puskatzen bazaigu, normala da beldurra izatea; baina zergatik izan behar diegu ikara bizitzako aldaketa normalei? Zergatik ezin dugu naturaltasunez bizi lehen amodioa? Edo laneko lehen eguna? Edo gure bizitzako erronka edo gauza berri bat?
Gizarte honek ezin du beldurra erabili guri presioa sartzeko. Existitzen ez den perfekzio faltsu bat bilatu behar horrek ito egiten gaitu eta ezin dugunez lortu existitzen ez dena, ezinezkoa delako, orduan kontziente edo inkontzienteki, gauza berrien aurrean, erronka zein ezagutzen ez dugun gauzen aurrean porrot egiteko beldurra sentitzen dugu.
Nire ustez beldur hori ez da naturala, gizarte honek nahita edo nahi gabe sortutako beldur instintiboaren kopia merke bat da. Erraza da esatea, baina zergatik ez gara ahalegintzen gizarte perfektu/inperfektu honek inposatzen dizkigun beldurrak ahal dela, poliki–poliki alde batera uzten? Eroriz gero jaikiko gara, eta jauste horretatik ikasiko dugu.
Bakoitzak nahi eta ahal duena egingo du, baina ni beldurrak naturaltasunez gainditzen eta bizitzaz gehiago gozatzen, ahaleginduko naiz.