449 Zenbakia 2008-07-18 / 2008-07-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Irakurlearen proposamena: Ainhoa

DUVERT, Michel

Itzulpena: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Ostiralero, Euskonews Gazteako irakurleek bidalitako proposamenak argitaratuko ditugu.

Michel Duvert da aste honetako proposamenaren egilea. Iparraldetik erantzun dio gure deialdiari. Eskerrik asko!!

Ainhoa, Lapurdiko herri txiki bat izaki, Lapurdiren eta Nafarroaren mugan dagoen nekazaritza –eta turismo– gune paregabea da. Baliabide oso estimatuak ditu: meatzeak, zura eta harria (Ainhoako harrobian kalitatezko kareharria ateratzen da oraindik). 1.600 hektarea inguru ditu Ainhoak, eta 700 hektarea nekazaritzarako erabiltzen dira gutxi gorabehera. Baztan bailararen mugan dago (beste garai batean Baionako Apezpikutzakoa zen Baztan). Duela hiru edo lau mendetatik 500–600 biztanle inguru ditu (Duvert, 2004). Mendekoste jaiak Ainhoan. Argazkia handitzeko, sakatu irudian.

Gure gurasoen etxalde zaharrak atzean geratu dira, sistema autarkikoa legez, eta erabateko iraultza ari da gertatzen gurean, bai prozesuetan bai ohituretan. Nekazaritzatik bizi diren etxeen kopurua jaitsi egin da, nahiz eta lur gehiago erabiltzen den nekazaritzarako (503 hektareatan 60 etxalde 1979an, eta 2000.urtean, 738 hektareatan 46 etxalde). Familia–enpresa txiki horiek ekipatu (19 traktore 1979an eta 28 traktore 2000n) eta modernizatu (egitura metalikodun eraikuntza modernoak eraikiz) egin dira.

Herriak ostalaritzarako joera hartu du, kalitate handiko sukaldea duela. Gazte artisauak eta merkatariak bizitasuna ematen ari dira herriari, baina, aldi berean, borrokan ari dira Urdaxeko (Dantxarineako) muga–saltokien presio handiaren aurrean. Esan dezagun, bestalde, higiezinen merkatua bertako etxe ederren atzetik dabilela, higiezinen espekulazioa afera beldurgarria baita hemen.

Habitat tradizionala lau multzo handitan banatzen da : 1) mendi–auzoa edo Xara auzoa, Basaburu auzotik igaroz Ezpeletan barrena eta Landibar auzotik igaroz Urdaxen barrena hedatzen dena. 2) Kanpana, hainbat auzok osatua (Amotze, Senpere, Sara?). 3) Karrika auzoa, Baztanek XII. mendean sortutako bastida ospetsua, eliza zaharberritua duena, Igokunde Ama Birjinari eskainia. Benetako gotorlekua da (Urdazubiko monasterioari lotua), erromatar garaiko elementu ugari gorde ditu eta iparraldeko kasetoi erako sabai ederra du. Atal bat monumentu zaharrez eta beste bat –parte berria– euskal arte ederrez osatuta duen kanposantua du inguruan. 4) Dantxaria auzoa, Urdaxeko Dantxarinean zehar hedatzen dena, Baiona–Iruñea ardatzaren funtsezko atala. Cagot–auzoa ere bada, Boxate izenekoa.

Ainhoa ospetsua da Arantza Amaren kaperagatik. Mendekoste astelehen guztietan erromesaldia egiten dute bertara, eta hondamendi natural oro ekiditea eskatzen diote erromesek, debozio anizkoitzen bidez. Kaperak berebiziko lekua du jaierazko jardun horietan, baina are leku handiagoa du herriko eta inguruko herrietako (Zuraide, Ezpeleta–Basburu, Itsasu, Urdax ...) jendearen bihotzetan. Beheko argazkiak, Massondoa etxeko M. Audiot ainhoarrarena denak, 1960ko urteetan kaperarako bidea egiten ari zen prozesio bat erakusten du. Goialdean, hondoan, Larrun agiri da, Sareko etxearen oinetan, eta aurrealdean, berriz, Kanpa?a eta Karrika ditugu, eliza eta guzti.

Ainhoan ospetsu anitz sortu dira, besteak beste, JUAN DUVOISIN (aduana–kapitaina, Louis Lucien Bonaparte printzearen laguntzailea eta hizkuntzalari handia, Biblia (Vulgate) euskaratu baitzuen lapurteraz) eta Fabre (euskara/lapurtera–frantsesa lehen hiztegian egilea).

Eta azkenik, Le Play dugu, ikerketa soziolinguistikoen aita, Ainhoan bizi izan zena eta aparteko lana utzi ziguna XIX. mendeko Lapurdiri eta euskal eskubideen funtsezko alderdiei buruz.

Toki, liburu, disko edota beste edozeri buruzko proposamena egin nahi badiguzu, bidali gaztea@euskonews.com helbidera eta sarean argitaratuta ikusiko duzu!