449 Zenbakia 2008-07-18 / 2008-07-25
Uztailaren 17tik 19ra bitartean, Itsasuko herriak (Lapurdi) Errobiko festibalaren edizio berri bat jasoko du eta modu honetan, hamahirugarrenera iritsiko dira. Gai zehatz bat hartu eta haren inguruko festibala antolatzen dute urtero. “Iaz transmisioari buruzko ziklo bat amaitzen zen eta aurten kantuari buruzko beste ziklo batean sartuko gira̶, aipatu diote Euskonews Gazteari antolakuntzatik.
Hala, kantua ildo nagusi hartuta, hiru egunetan zehar musika emanaldiak, inprobisazioak, dantza eta oro har, artearen inguruko ekimenez gozatzeko parada egongo da.
Hitzaldiei dagokienez, Emazteak eta kantua eta Kantua biziaren iturri... G?rs, kantuaren hitzordua izenekoak eskainiko dituzte 18 eta 19an, Elizaldian. Baina noski, ikuskizunak dira protagonista jaialdi honetan. Esate baterako, Haurrekin oihanetan ibil gaiten deitutako ekitaldian, haurrek sortutako musika izango da nagusi, egunero, 15:00etan.
Pilota partiduak ere ikusgai egongo dira, hilaren 19an, 18:00etan. Aurrena haurrak eta ondoren nagusien erakustaldiak frontoian jarraitzeko aukera edukiko dute gerturatzen direnek.
Gauean berriz, hitzordu garrantzitsuenak jasoko ditu Atharri Salak, emanaldiak han eskainiko baitituzte. Besteak beste, pandero doinuak; Kubako musika, jazza, aztikeria (santeria) eta abar nahasten dituen Afreecanos proiektua; Argentinako erritmoak eta makina bat sormenekin gozatzeko aukera egongo da, 21:00etatik aurrera. Jazzaldiko kartela. Donostiako Jazzaldia
Jazz doinuek Donostiako kaleak bustiko dituzte uztailaren 22tik 27ra bitartean, 43. Heineken Jazzaldiaren txanda izango baita. Hemengo eta nazioarteko artistekin hitzordua dute estilo hau maite dutenek; eta oraindik zaletasunik ez daukatenek, aldiz, jazza aurkitzeko kontzertuak zain dituzte.
Egitarau oparoa antolatu dute aurten ere. Izen ezagunak taula gainean jarriko dira. Alde batetik partiturak jarraituko dituzte eta bestetik, inprobisazioari tarte handia utziko diote; funtsean, hori baita jazzaren ezaugarri nagusietariko bat. Besteak beste, Diana Krall, Liza Minelli edota Lucia Lacarra Gipuzkoako hiriburuan egongo dira beraien artea gerturatzen direnei helarazten.
Egitaraua egitarau, aurtengo nobedade gisa Open Mike edo Mikrofono irekiaren atala izango dela azpimarra genezake. Gaubiraren barruan (uztailaren 26tik 27rako gauean) bere talentua erakutsi nahi duen orok eszenatokira igo eta jendaurrean aritzeko beta izango du. Europako herrialde askotan maiz egiten den ekimena dugu Open Mike, eta arrakasta izaten duena, gainera. Antolatzaileek entzuleria animatzea espero dute eta nork daki, agian izar berriren baten jaiotzaren testigu izango dira Jazzaldira hurreratutakoak.
Kalitatezko musika uda–giroan, Euskal Herriko bi bazter desberdinetan. Doinu pizgarriak izango dira, kaleak girotu eta inguruan harrapatzen dituen belarrien gozagarri. Gerturatu, bada!