Euskonews Gaztea
Gaiak: Irakurlearen proposamena: Iñurritza
Ostiralero, Euskonews Gazteako irakurleek bidalitako proposamenak argitaratuko ditugu. Aste honetan, Carmen Valoisen proposamen interesgarri honekin uzten zaituztegu: Itsaslabarraren irudia. Iñurritzako biotopoa: naturaren taupada
Ez da urruti joan behar bidaiatzeko. Askotan, gure inguruko gauza txikietan gordeta dago altxorra eta nahikoa izaten da beste ikuspuntutik begiratzea, eszenatoki berriak deskubritzeko. Eta askotan ere, nahikoa da gure baitan hausnartzea eta irudikatzea tokiren bat, mundu bat edo unibertso berri bat deskubritzeko. Hala ere, besteekiko eta denborarekiko konpetentzia gordinean bizi garenez, zenbat eta urrunago joan hobe, zenbat eta ezezagunagoa izan tokia, gu gero eta harroago gabiltza.
Guztiz kontrakoa da ordea gaurko proposamena, baina aldi berean, atsegina eta biltzailea: seme–alabekin, amonarekin, edo zure buruarekin bakarrik egitea baitaukazu. Naturaren taupadei kasu eginez, badakizu bakartasunik ez dagoela, haizearen soinua, itsasoarena, txoriena eta kaioena gurekin baitoaz.
Gure ibilaldia Zarautzen hasten da, N–634 kilometroan hain zuzen ere. Trenaren geltokia hurbil dugu San Pelaio auzoan. Kotxez hurbiltzen bagara, udara kenduta, ez dugu arazorik izango errepide nagusiaren inguruan aparkatzeko, eta bizikletaz inguratzen bagara arazo gutxiago; edozein modutan, ibilbidearen hasiera Zubiondo bidean izango dugu. Eta bertan, Iñurritzako Biotopo Babestua (1997tik) aurkituko dugu. I?urritzako padura.
Iñurritza ibaiaren inguruan ekosistema ezberdinak kokatzen dira eta. eremu txikia izanda ere, kostaldeko ekosistema esanguratsuenak biltzen ditu bere baitan: padura, itsaslabarra eta duna. Azalera: 17.384,68 m2koa du eta perimetroa 2258,38koa.
Padura
Iñurritza ibaiaren bokalean kokatzen da. Padura marearteko eremu lau eta lohitsua da. Bizitza oso aberatsa du, itsasbeheran uretatik at gelditzen dena eta itsasgoran, ur azpian. Landare zein animalia askoren etxea da, bertan, lezka eta ihia topatuko ditugu, baita kurlinka eta kuliska gorria ere. Era berean, hegazti migratzaileentzat behar beharrezkoa den hezegune sarearen zatia da.
Itsaslabarra
Eskuinera kokaturik, itsaslabarra itsasoaren zaintzaile eta mugarri azaltzen zaigu: inguru horretan, urteetan pilatutako sedimentu–estratuak azaleratu omen ziren eta harkaitzak olatuen indarpean gelditu ziren; harkaitz bigunak higaturik Zarauzko badia sortu zen. Talai–Mendiko itsaslabarra ordea, harkaitz gogorrez gain, otadiz, txilardiz, amestiz eta artadiz osaturikoa dugu. I?urritzako duna.
Duna
Euskal Herriko kostaldeko duna–sistemarik zabalena dugu hau. Haizearen eraginez sortutako ondar mendikoak dira eta duna higikor eta egonkorrek osatzen dute aipatutako eremua. Bertako landareek urteen poderioz estrategia ezberdinak garatu dituzte ur eskasiari ahalik eta hobekien aurre egiteko, eta oro har sustrai luze–luzeak dituzte hezetasunera ailegatzeko, era berean hosto mamitsuak izaten dituztelarik. Bertan aurki ditzakegu intsektuak, arratoi beltzak eta barraskiloak. Bide lagun izango ditugu gure ibilaldiaren azken zatiraino.
Honaino ba gure ibilbidea; gustatu bazaizu, etorri, sar zaitez, ez zara damutuko eta!
Toki, liburu, disko edota beste edozeri buruzko proposamena egin nahi badiguzu, bidali gaztea@euskonews.com helbidera eta sarean argitaratuta ikusiko duzu! GAINERA, SARIA ERE LOR DEZAKEZU...