442 Zenbakia 2008-05-30 / 2008-06-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Juan Kruz Mendizabalekin berbetan

ARRUTI, Andoni LARRAÑAGA, Maite

Bergarako Aranzadi Ikastola (DBH 1.go maila)

Juan Kruz Mendizabal Bergarako apaiz gaztea da eta 1963ko maiatzaren 2an Ormaiztegin jaio zen. Kakux bezala ezagutzen dute haren gertukoek.

Zenbat urterekin hasi zinen abade lanetan? Eta non?

Hogeita bederatzi urterekin hasi nintzen apaiz lanetan eta nire lehenbiziko urratsak Tolosan eman nituen.

Zer ikasketa mota egin zenituen? Eta hauek, non?

Apaiza izateko Filosofia eta Teologia ikasten ditugu sei urtez. Eta honen aurretik, Delineatzaile ikasketak egin nituen lanbide hezkuntzan. Hirugarren mailara arte Ormaiztegiko ikastolan, baina, honek jarraipenik ez zuenez, Urretxuko ikastolara joan nintzen zortzigarren mailara arte, eta gero, Zumarragan hartu nituen delineatzaile eskolak. Teologia ikasi nuen Gasteizen, eta azkenik, 40 urterekin, Madrilera joan nintzen master bat egitera.

Norbaitek bultzatuta egin al zinen apaiz?

Nik esango nuke nik neuk erabaki nuela, baina aspaldiko apaiz lagun batek proposatu zidan. Orduan, lana utzi eta urtebete egon nintzen klaseak ematen umeei, eta ondoren joan nintzen apaiztegira. Nire gurasoentzat ez zen erabaki ona izan, baina hori zen nire nahia. Eta azkenean, onartu egin beharra izan zuten.

Zenbat herri ezberdinetan eman duzu meza? Eta non sentitu zara gusturen?

Ba, Gipuzkoan zehar, herri eta auzo askotan eman ditu. Gainera, bai Araba, Bizkaia eta baita Nafarroan ere eman ditut mezak. Tokirik onena ez dakit, baina Bergarak erakarri egiten nau eta erronka asko ditu. Gainera, nire gustuko herria da, ni plaza gizona naiz eta konturatu naiz Bergara oso plazatarra dela.

Badaukazu elizan edo herriren batean gertatu zaizun anekdotarik?

Jakina. Behin Goierri inguruko herrixka batean kapa handi bat jarri zidaten eta oso deseroso sentitzen nintzen, grabitate zentroa galduta baineukan. Esertzera gonbidatu eta horretara nindoala, atzeraka erori nintzen eta izugarrizko lotsa sentitu nuen. Bergarako San Pedro eliza.

Bergarako jendearekin nolako harremanak dituzu?

Harreman ofiziala daukat apaiza naizen aldetik, baina nik uste dut hurbiletik ezagutzen nautenek ikusten dutela gertuko pertsona bat naizela, oso koadrila zalea... Baina orokorrean, ona da nire harremana herriko jendearekin.

Entzun dugu gazteekin harreman ona duzula, eta hori ez da ohikoena. Nola moldatzen zara?

Nik uste dut bi baldintza ezinbestekoak direla gazteekiko: bat, gardena izatea eta gauzak askatasunez esatea, pentsatuz ere batzuetan jendeak ez dizula ondo ulertuko; eta bestea, ni naizena eta daukadana besteei eskaintzea.

Abadeok zelibatua betetzen duzue. Suposatu al du inoiz arazorik zuretako?

Nik orekatu egin behar dut elizak eskatzen didana nik sentitzen dudanarekin. Momentu honetan elizak eskatzen dit apaiz izateko. Niri ere emakumeak asko gustatzen zaizkit, baina ni saiatzen naiz ezkongetza betetzen.

Esaten dute eliza katolikoa krisian dagoela.

Nik uste dut momentu honetan bizi dugun krisiak on egiten digula. Krisi honek gauza asko argitu, eta beharbada, gauzak bere tokian utziko ditu.

Elizako ardoa ona al dago?

Nik ez dut edaten, edaten dut derrigortzen nautelako. Baina, noizbait jartzen badidate koka-kola edo esnearekin, hobe. Nik bakarrik ezpainak bustitzen ditut eta beste guztia bestei ematen diet.