Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteak eta tabakoa
Gazteak eta drogak. Bi hitz hauek elkarrekin entzuten ditugunean, kezkatu egiten gara maiz. Droga asko eta asko daudela jakin badakigu; hauek zenbatzea ere zaila izango litzateke. Asko dira substantzia ezberdinekiko menpekotasuna dutenak eta ikaragarria da benetan. Baina zer gertatzen da gizarteak onartzen dituen drogekin?
Tabakoa da horietariko bat, eta gure bizitzetako parte da askotan. Noiz edo noiz asaldatzen gara gaztetxo bat zigarroa ahoan duela ikusten badugu. Baina sarritan, horren gogorra ez denez, ez diogu garrantzia handirik ematen. Gainera, zer egingo dute bada, ingurukoek lasaitasun osoz berdina egiten badute behin eta berriro?
Datuen arabera, 13 urte pasatxo dituztenean probatzen dute askok lehenbizikoz zigarreta. Jakina da tabako enpresek gazteak erakarri nahi dituztela. Hauen esanetan erretzeak ez du adiziorik sortzen. Baina ziur al gaude hortaz?
Hala ere beti ez da erretzaile izatera pasatzen. Horren gaztetan zigarro purua dastatzen dutenetatik askok ez dute denbora luzez jarraituko, tontokeriagatik egiten baitute gehienetan. Baina beste batzuek ordea, urteak igaroko dituzte kea irentsi eta kea botatzen.
Irudika dezagun 13 urterekin hasten garela erretzen. Hogeita hiru ditugunean, hamar eramango ditugu bizio horrekin! Eta asko da, larregi iruditzen zait behintzat. Gainera jakinda ez dela erraza izaten ohitura txar hori kentzea eta lortzen dutenak, maiz itzuli egiten dira azturara.
Horregatik, prebentzio gehiago beharko genuke. Bai, prebentzioa eta ez debekua. Debekatzen bada ez da askorik lortzen.