442 Zenbakia 2008-05-30 / 2008-06-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Erosketak, emakumeen gauza?

BEREZIARTUA, Loren



Emakumeek dendaz denda joatea atsegin dute. Ahal duten guztietan aritzen dira horretan eta nahiz eta ezer ez erosi, denda barrura sartzeko beharra sentitzen dute. Erosteko, gastatzeko desira pizten zaie barruan.

Noski topiko hutsa dela. Ezagutzen ditut emakumeak, gorroto bizia dietenak erosketei. Ahalik eta gutxien joaten dira, eta tentuz begiratzen diote etiketari, xahutuko dutenaz ohartu eta merkeagoen bila abiatuz sarritan. Eta halako batekin hitz egiterakoan konturatu naiz nolako gogorra den, oraindik ere, topikoetatik ihes egitea, geroz eta pertsona gutxiagok sinetsi arren horietan.

Aurreko astean hitz egiten ibili ginen Larraitz lagun mina eta biok. Komentatu zidanez, behin baino gehiagotan justifikatu behar izan du bere burua horrelako baieztapenen aurrean. Eta minduta baino, nekatuta dagoela dio. Gaztea dela eta ez duela ulertzen zergatik XIX. mende honetan topiko matxistek hor dirauten. Eta arrazoia eman nion.

Izan ere, urte luzetan zehar dendak emakumeen esparru kontsideratu dituzte askok. Eta merkatal gunera joanez gero, gizonezko ugari geratzen ziren kanpoan zain, dendei alergia izango baliete bezala. Ni, egia esan, ez naiz horrelakoa. Noizean behin apetak ematen dit eta fraka, alkandora edota zapatak erostera abiatzen naiz. Ez oso sarri, baina egia da ez naizela kanpoan geratzen diren horietakoak.

Eta zergatik ez bada? Gogoko dudalako gutizietarako aurrezten dudana horretan gastatzea. Beste batzuk afaltzera joaten dira toki ponpox batetara; asteburu pasa spa batetara edota argazki kamera bat erosten dute. Ni, kalean gora eta kalean behera ibiltzen naiz, erakusleihoak begiratzen. Eta nire burua justifikatzearren... ez era kontsumista batean! Hurrengo irteera: bi hilabete barru. Ordura arte!