440 Zenbakia 2008-05-16 / 2008-05-23
Etxanoko Torreburu baserrian jaio zen Xabier Amuriza 1941eko maiatzaren 3an. Bertsolari, idazle, ikertzaile eta politikari bezala ezagun dugu euskaltzalea.
Zornotzako karmelitetan ikasi zuen eta ondoren Derioko apaiztegira joan zen. Hala, 1965. urtean apaiztu eta Bizkaiko zenbait tokitako parrokoa izan zen, hala nola, Gizaburuaga eta Amoroto herrietakoa. Frankismo garaia zen eta Amurizak beste apaiz batzuekin batera, errepresioaren kontrako eta euskal kulturaren aldeko mugimendu batean hartu zuen parte. Azkenean, 1976. urtean utzi zion apaiz izateari.
Txikitatik bertsolaritza gertu izan du Amurizak, familian zaletasuna zuten eta. Azkenean, 1966. urtean egin zuen debuta. Orduan apaiza zenez, sotana eta guzti igotzen zen oholtza gainera zornotzarra.
Esan daiteke berritasunak ekarri dizkiola bertsolaritzari gizon polifazetiko honek. Izan ere, presondegian egon zen sei urte pasatxotan, bertsogintza ikertu zuen, horri buruz idatzi... Eta hogeita hamabost urterekin giltzapetik irten eta taula gainean serio hasi zenean, aho bete hortz utzi zituen denak. Batuan kantatzen zuen, neurri, doinu eta irudi eta metaforetan berrikuntza ekarriz. Horrek, 1980ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazten lagundu zion; eta berriro ere lortu zuen txapela 1982an. Ondoren, 1986an hirugarren geratu zen Euskal Herri mailan, eta 1987an Araba“Bizkaia txapelketan esku hartu eta bigarren irten zen.
Laurogeita hamargarren hamarkadan, bertso eskolen eragilea eta irakaslea izan zen. Izan ere, ordura arteko usteak alde batera utzi zituen; hau da, bertsolari jaio egiten dela. Amurizak zioen bertsolaria berez izan daitekeela, baina gainera, egin ere, egin daitekeela denborarekin. Esan bezala, hainbat ekintzek kartzelara eraman zuten bizkaitarra. Lehenengo aldiz, Derioko apaiztegian egindako itxialdi baten ondorioz izan zen eta hilabete egin zuen barroteen atzean. Bigarrenez, Bilboko gotzaindegian egindako gose greba batetan atxilotu zuten, kartzelaratu eta sei urte baino gehiagoz egon zen preso, Basauri eta Zamoran. Eta hirugarrenez, Herri Batasunako batzarkide zenean bi hilabete egin zituen gatibu. Ia zazpi urte, guztira.
Bestalde, literatura munduan ere murgildu da Amuriza. Besteak beste, Hitzaren kirol nazionala (1981), Hiztegi errimatua (1981), Bizkaieraz bertsotan (1996) eta Bizkaiko Bertsogintza I eta II Izengabeak (1995 eta 1998) idatzi ditu, bertsolaritzari buruz. Eleberriei dagokienez, Larraun ezizenarekin kartzelan idatzitako Hil ala bizi (1985), Enaz banaz (1999) saiakera autobiografikoa... Bestalde, argitalpen desberdinetan ehunka artikulu kaleratu ditu .
Bizkaitarrak, gainera, hainbat kantuetarako hitzak idatzi ditu eta horien artean, Amore bidera izeneko Ibilaldia 2008ko abestia sortu du.