440 Zenbakia 2008-05-16 / 2008-05-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bidatz Ruiz de Aguirre: "Bigarren eta hirugarren belaunaldiko jendea bi kulturak nahasten ari da, venezuelarra eta euskalduna"

EUSKAL HERRIA HORTIK HARA

Marina Tellechea, Haitz Aldana eta Antton Llanes

Caracaseko Euskal Etxeko kidea da Bidatz, bertara joaten da txikitatik. Euskaldun sentitzen da Venezuelan eta bertako bizimoduari buruz hitz egin die Euskal Herria Hortik Hara taldeko lagunei. Zer egiten duzu Caracaseko Euskal Etxean? Txikitatik etortzen naiz Caracaseko euskal etxera. Orain dantza talde bat dugu Gure Alaia taldea deitzen dena. Pilotan, palan eta frontenisean aritzen gara. Igerilekua ere badaukagu eta anitz erabiltzen dugu. Festetarako maiz biltzen gira San Antolin, San Fermin eta Danborrada bezalako jaiak ospatzeko.

Dantzan ikasten eta praktikatzen jarraitzen al duzu ?

Bai. Venezuelan festibal bat antolatzen da club ezberdinen artean, italiar, galiziar eta perutar jendea biltzen da. Bakoitzak bere kulturako dantzak antzezten ditu. Gero, Aberri Eguna eta Euskal Etxeko urtebetetzeetan ere dantza egiten dugu. Caracaseko kaleak.

Eta noiz entseiatzen duzue ?

Dantza entseguak ekitaldi eguna iritsi baino aste bat lehenago egiten ditugu. Hortaz aparte ez dugu urtean zehar euskal dantza praktikatzen.

Zenbat pertsona zaudete dantza talde horretan ?

Minimoan zortzi pertsona biltzen gara baina egon izan dira garaiak non hogei bat pertsona biltzen ginen. Gehienetan neskak gara , mutilek ez dute dantzatzen, ez dira animatzen.

Jendeak euskal kulturarekiko motibazio falta duela pentsatzen al duzu ?

Euskal Etxeko euskal aktibitateak eta etortzen den jendearen kopurua gutxitu egin da. Hasiera batean benetako euskal etorkinak ziren, orain aldiz, bigarren eta hirugarren belaunaldiko euskaldunak gara eta gutxiago etortzen gara Euskal Etxera.

Zergatik ?

Bigarren eta hirugarren belaunaldiko jendea bi kulturak nahasten ari da, venezuelarra eta euskalduna. Horregatik zaila egiten zaie bietan uztarketa bat egitea. Baina hala ere, jendea euskal etxera etortzen da. Guraso euskaldunak dituzten gazteak euskal–venezuelarrak sentitzen dira, ni bezala adibidez. Venezuelako mapa handitzeko, sakatu irudian.

Nola esplikatzen diezu Venezuelako zure lagunei euskal kulturarekiko eta euskal etxearekiko duzun harremana

Konplikatua da. Askok esaten didate “eh zu espainola !!!”, hori ezagutzen dute bakarrik. Izenak ere esatea konplikatua zaie, gehienek euskal izenak dituztelako. Baina pixkanaka ikastea lortzen dute.

Familia al duzu Euskal Herrian ?

Bai. Nire amona–aitona aldetik denak Donostian daude eta aitaren aldetik Barakaldon, baina momentu honetan azken hauek ez dira han bizi, Venezuelara etorri ziren bizitzera–eta.

Euskal Herria ezagutzen al duzu?

Bai ezagutzen dut. Berriki uda honetan egon nintzen. Hiru edo lau aldiz egona naiz. Gainera, Hondarribian etxe bat daukat, gaztelu barruan. Gehiago joatea gustatuko litzaidake, baina bidaia oso garestia da.

Zer gustatzen zaizu Euskal Herritik?

Oso ezberdina da Venezuelarekiko. Jendea zu bezala ikusten duzu fisikoki eta psikologikoki, Venezuelan arraza oso ezberdina da. Euskaldunak ikusten ditudanean beraiek bezalakoa sentitzen naiz, identifikatua sentitzen naiz, euskal ohiturak berriro bizitzen ditut Venezuelako euskal etxean ez duguna egiten.

Zer pentsatzen duzu euskal kultura eta venezuelarraren arteko nahasketaz?

Ba, gustatzen zait. Ruiz de Agirre familia.

Euskal Herriko familiarekin harremana nola mantentzen duzu?

Gaur egungo teknologia berriekin erraz mantentzen da harremana: mailez, telefonoz, etab ? Bestalde, saiatzen gara ahal den heinean, behintzat, Euskal Herrira joaten.

Zure gurasoek Euskal Herriari buruz aipatutakoaren eta zuk ikusitakoaren artean zer ezberdintasun nabaritu duzu?

Familiak, eta bereziki aitona–amonek, beti kontatzen didate gerla denboran bizi izan zutena, zer zaila zen euskara eta euskal kulturarentzat. Aldiz, hara joan naizelarik ikusi dut arrunt ezberdina dela, aurrerapen anitz egon dela euskal kulturarekiko eta ikusi dut baita ere ohiturak mantendu direla.

Euskal kultura mantentzen jarraituko duzu, haurrak baldin badituzu, adibidez? Eta nola egingo zenuke?

Lehenik eta behin, izen euskaldun bat emango diet. Gero, Euskal Herrira bidaiatzen saiatuko gara, eta baita Caracaseko euskal etxera etortzen ere. Eta garrantzitsuena haurrei Euskal Herriari buruz hitz egitea da, euskal kultura mantentzeko gure identitatea baita.

Amaitzen joateko, zein da Caracaseko Euskal Etxeko gaur egungo egoera?

Badu zortzi bat urte aktibitate ezberdinak zeuden: dantza klaseak, euskara klaseak... Baina pixkanaka galtzen joan da jendea ez delako motibatzen, irakasleak falta dira, bakoitzak bere bizia egiten du, beraien gauzak dituzte.

Zer egingo duzue hau guztia konpontzeko edota hobetzeko ?

Gazteen artean arazo honetaz hitz egiten dugu eta esaten dugu Euskal Etxea berriro indartu behar dugula festa edota aktibitate ezberdinak eginez, baina oso zaila da. Espero dut pixkanaka Caracaseko Euskal Etxea aurrera eramaten lortuko dugula. Bidatz Ruiz de Aguirre (Venezuela) Hogeita bi urte ditu neska gazte honek. Nahiz eta Atlantikoaren bestaldean sortu, familia euskalduna du eta sarritan etortzen da Euskal Herrira. Euskal kultura nola bizi duen aipatzen digu elkarrizketa honetan.