Euskonews Gaztea
Gaiak: Amore bi eta...
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Bihotza, 2 eta gehi ikurra. Horiexek osatzen dute aurtengo Ibilaldiko logotipoa. Bizkaiko Ikastolen aldeko festa honetan, maitasunak toki garrantzitsua dauka. Eta leloa ere, zuzenean lotuta dago: Amore bi eta...
Hitz joko ederra sortu dute aurtengo festa bultzatzeko. Bakoitzak jartzen dio esanahia. Amaiera irekiko lema dela esan liteke: Amore bi eta... ikastola. Amore bi eta... seme–alabak. Amore bi eta... Ibilaldia 2008!
Garrantzitsua baita dena eskutik joatea. Herria eta irakaskuntza; herria eta haurrak: haurrak eta ikastola; ikastola eta euskara. Gainera, Ibilaldia ikastolarena izateaz gain, herriarena ere badela helarazi nahi izan dute aurtengo leloan aipatuz. Hori azpimarratuta, maiatzaren 25ean euskaltzale ugari elkartzea espero dute antolatzaileek. Kantua
Abestia ere ildo beretik doa; Amore bidean du izena. Amore bi. Alde batetik Zornotza, bestetik Etxano. Halaxe adierazten du aurtengo jairako sortutako letrak. Xabier Amurizak egin du abestia eta besteak beste, Andra Mari, Zornotza eta euskara ditu hizpide. Berarekin batera, Mikel Urdangarin eta Nuuk–At taldeko lagunek hartzen dute parte, baita ikastolako hainbat ikaslek ere. Denak zornotzarrak.
Arraroa egiten da Amuriza eta Urdangarin beraien estiloetatik kanpo entzutea. Bertsolaritza eta musika lasaiak alde batera utzita, erritmo kañeroagoekin ausartu dira. Ez da gutxiagorako, okasio berezia baita. Gertutik eragiten baitie maiatzaren 25eko ekimenak. Andra Mari ikastolako ikasle ohiak izan direlako edota soilik, eta ez da gutxi, zornotzarrak direlako. Euskara eta Amorebieta–Etxano, bederen, bihotzean daramatelako.
Abestia entzuteko, sakatu hemen.
Zatozte / amore / bidera / zelaiak / iraul–min / berriz dago– / oz Urtetik / urtera / abian / aurrera / harago / ta gailena– / go–o.
Eta ZUgaz bidaide Eta gugaz zori bereko Baina ZUre maitale Ez etxean bertan eskeko!
Ibilaldira noa Ikastolatik nator Ibilaldian nabil Ikastolaren urgoran gorago.
EUSKARA BIZIDUN BIZILAGUN EUSKARA LAGUN ZARA ZU EUSKALDUN.
2) Geure on– / darea / gozatuz / nahi dugu / nasaiki / bizi behingo– /oz Bihotzez / pentsatu / buruaz / maitatu / izanik / buru eta bi / ho–otz
Eta ZU bere berme Berba, solas, ele, hitzeko Ahal baDUzu baita ere berbaldunago, hiztunago.
Ibilaldira noa Ikastolatik nator Ibilaldian nabil Ikastolaren urgoran gorago.
EUSKARA BIZIDUN BIZILAGUN EUSKARA LAGUN ZARA ZU EUSKALDUN.
Amore bi eta–a bakarra bihotza–a Etxano bat eta–a bi bider ba–at Zornotza–a.