439 Zenbakia 2008-05-09 / 2008-05-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zeru grisak

AIESTARAN, Nagore



Izara beltz haren azpian ez zegoen arimarik ere. Kaleak hutsik, basoak animaliarik gabe. Ez zen erraza horren tenperatura baxuak sentitzea gorputzean. Urteak ziren piztiek alde egin zutela baso madarikatu hartatik eta geratu zirenak, ostera, basatiago bihurtzen ari ziren. Biziraupena, azken batean.

Herriko zaharrenek ere, ozta–ozta oroitzen zuten eguzkia ikusi zuteneko azkeneko aldia. Gauero bezala, amonaren alboan eseri eta haren ahotik kontakizun berri bat entzun zuen Ortzi gazteak:

— Garai bat egon zen, txiki, zeruan pilota laranja distiratsu bat zegoena. Eguzkia deitzen zioten. Ez zen guztia grisa, orain bezala. Lehen, egunek kolore anitz zeukaten; lehen zerua urdina izan zitekeen, beltza, grisa, zuria...

Ezin sinetsi zion emakume hari. Bai, gauza gehienei buruz zekien amonak. Baina nola aurki ahal zitezkeen zeruan kolore haiek? Berak gaueko iluntasuna edota eguneko gris ilun tristea ezagutzen zituen soilik!

— Eta gainera ? jarraitu zuen – euria egiten zuenean ez geneukan gorde beharrik, jendea ez zen erretzen eta. Horixe da amak kontatzen zidana zure adina neukanean. Nik ere ezagutu omen nuen, oso txikia nintzenean, baina gazteegia nintzen oroitzeko. Noski, aspaldiko kontuak dira... Eta orain lotara, bihar janari bila irten beharra daukagu, eta ez da nolanahiko lana!

Istorio hura sinetsi ez arren, pentsakor igaro zituen orduak eta goizean goiz esnatu zenean ere, oraindik bueltaka zeukan amonak aipatutako zeru gaineko borobil laranja hura. Jantzi, eta amonaren alboan txintxo–txintxo abiatu zen urrutiko zelaietara, basoko mugetatik haratagoko lurretara.

Eta han, eraikuntza arrastoen artean, lurpetik landare sustraiak eta bestelako janari atsegingarriak eskuratzen ari zela, Ortzik metalezko panel bat aurkitu zuen. Irakurtzen ikasten ari zen gazteak hizkiz hizki dezifratu zuen bertan jartzen zuena: ZENTRAL NUKLEARRA

Eta hitz haien esanahia jakin gabe, eta egunen batean pilota argitsua zeruan ikusteko esperantzaz, janari bila jarraitu zuen.