Euskonews Gaztea
Gaiak: Juan Carlos Perez
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Ez du inork zalantzan jartzen euskal musika munduan Itoiz taldeak arrasto handia utzi duela. Bertako gitarra eta ahotsa izan zen Juan Carlos Perez Gomez. Mutrikun sortua, 1958ko maiatzaren 28an jaio zen boz esanguratsu hau duen musikaria.
Etxean galegoa ikasi zuen; kalean berriz, euskara. Musikarekiko zaletasuna txiki txikitatik datorkio gipuzkoar honi. Kontatzen duenez, inori esan gabe joan zen aurrenekoz Mutrikuko musika akademiara, eta bertan hasi zituen solfeoko ikasketak. Gainera, musika eskolan bere lehenengo instrumentua jotzen hasi zen, klarinetea hain zuzen ere. Gitarra ere atsegin zuenez, esku artean hartu eta akordeak sortzeari ekin zion.
Urteak igaro ahala, Bilbora joan zen musika ikasketekin jarraitu eta bide batez Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikastera. Hauek amaituta, abokatu ekonomista bihurtu zen. Cuencako musika kontserbatorioa izan zuen ondoren eskola, eta bertan Elektroakustika Musikaren Konposizioa ikasi zuen.
Partiturak esku artean hartu eta musika notak horietan txertatuz hasi zen Juan Carlos Perezen ibilbide musikala. Indar Trabes taldean lehenengo (1974) eta Itoizen ondoren (1978). Azken hau 10 urtez aritu zen rock doinuez bazterrak bustitzen. Hala, makina bat kontzertu eta zazpi disko kaleratu zituzten.
Itoizen garaia amaitzean, Perezen bakarkako aroa hasi zen. Buruan zituen nota eta hitzak atera eta Atlantic River (1994), Hau berua (1996), Ikaro (2000), edota Hiriko Istorioak – JC Perez Live (2006) lanak sortu eta argitaratu ditu.
Baina Juan Carlos Perez ez da horretara mugatu, eta grabaketa estudio desberdinetan produkzio lan ugari egiteaz arduratu izan da betidanik. Gainera, film eta telesailen soinu bandak sortzeko lana ere hartu du bere gain mutrikuarrak. Horien artean, besteak beste, ETBko Dr. Livingstone supongo dokumentalerako, Flannery eta bere Astakiloak marrazki bizidunentzako edota Super Bat programarako doinuen kreatzailea izan zen. Baina konposatu izan du baita ere antzerki, dantza eta zinemarako, esaterako.
Betiko jarraitzaile nostalgikoak edota aro berrikoak, asko eta asko dira Mutrikuko artista honen konposaketa lanez gozatzera aretoetara gerturatzen direnak. Oraindik asko baitu sortzeko gipuzkoarrak.