439 Zenbakia 2008-05-09 / 2008-05-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Argentinatik Lazkaora

GIRASOLE, Belén

Maizpide Barnetegiko ikaslea



Orain dela lau hilabete etorri nintzen Euskal Herrira, Lazkaora, hain zuzen ere. Hasieratik gustatu zait hiria, lasaitasuna eta euskaraz bizitzeko aukera eskura izan ditut eta. Gainera, joan den astean, Lazkaok daukan beste ezaugarri bat ezagutu dut, hau da... Lazkaoko festek ekartzen duten poza eta alaitasuna. Rocio argentinarra Drindots taldearekin abesten.

Pasa den apirilaren 25ean Lazkaon bizi garen guztiok herriko plazan elkartu ginen txupinazoaren zain... Udaletxeko balkoitik suziria bota bezain pronto herrian zerbait aldatu zela konturatu nintzen: San Prudentzio jaiak hasiak ziren! Horrek esan nahi zuen hurrengo zazpi egunetan zehar, musika, dantza, herri kirolak eta koloreak, Lazkaoko pertsonai nagusi bihurtuko zirela; eta egia esan horrela gertatu zen!

Dena prest zegoen. Arduradunek denontzako ekintzak antolatu zituzten, bai familientzat, baita gazteentzat ere. Horietariko batzuk izan dira, besteak beste, pilota partiduak, pailazoak, musika emanaldiak, danborradak, herri kirolak, txirrindulari probak, bertso eta trikitixa saioak.

Egun bakoitzak gai berezia izan zuen: Mozorro eguna, Haurren eguna, Koadrila eguna, Lazkaomendiko jaiak, eta noski San Prudentzio eguna. Beraz, denok parte hartzeko aukera izan dugula esango nuke. Bai umeek, bai gazteek, baita helduek ere.

Nahiz eta ez pentsatu... argentinarrok ere izan genuen gure mementoa. Astearte gauean Argentinako ikasleok gogoan izaten dugun taldeak jo zuen, hau da, Drindots taldeak! Izan ere, bertako abeslaria gure euskara irakaslea izan da lau urtez. Guk, Argentinan bizi ginelako, ez genuen inoiz bere taldea entzuteko aukerarik izan. Astearte hartan, ordea, kontzertu hunkigarria eman zuten euripean eta guri eskainitako abestiak ere jo zituzten. Gainera, gutako batek, Rociok, izan zuen Jonekin (irakaslea eta abeslaria) kanta bat abesteko aukera, Ikusi mendizaleak izenekoa.