434 Zenbakia 2008-04-04 / 2008-04-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gabriel Aresti

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskal literaturako izen garrantzitsua da Gabriel Aresti Segurolarena. Bilbon jaio zen 1933ko urriaren 14an eta hiri berean zendu zen 1975ko ekainaren 5ean, berrogeita bat urte zituela.

Arestiren gurasoak baserritarrak ziren, baina euskalduntasuna galdua zuten; hori zela eta, Gabriel Aresti nerabezaroan hasi zen euskalduntzen. Hala, hamabi urte zituela euskara ikasten hasi zen bere kabuz. Merkataritza peritu ikasketak egin zituen eta horiek amaituta, enpresa ugaritako kontabilitatearen kargu izan zen.

Hala ere, idaztea gustuko zuen eta Axularren lanak kopiatzearen ondorioz, estilo jasoa eskuratu zuen. Poliki–poliki idazle bikaina bilakatzen hasi zen. Bere lehenengo lanek Euzko Gogoa aldizkarian ikusi zuten argia, 1954an hain zuzen ere. Hiru urte beranduago, 1957. urtean, euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Poesia, antzerkigintza, saiakera eta narrazioa landu zituen bizkaitarrak. Baina esan daiteke, batez ere, literatura sozialean sinesten zuen pertsona zela Aresti. Bere iritziz, poesia herriaren kontzientzia pizteko baliagarria zen modu berean, literatura gizartea aldatzeko baliabide bat zela uste zuen.

Bere lanen artean, besteak beste, Harri eta herri (1964), Euskal Harria (1967), Batasunaren kutxa (1970), Cuarenta poemas (1970), Harrizko Herri Hau (1970), Kaniko eta Beltxitina (1971), eta Hiztegi Tipia (1973) daude. Gainera, bera hil ostean ere kaleratu ziren haren lanak: Lehen poesiak (1986), Narratiba (1986), Antzerkia (1986)...

Bestalde, Arestik hainbat artikulu argitaratu zituen Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan.

Luma erabiltzen abila zen, eta hori aitortu izan zioten behin baino gehiagotan. Esate baterako, A.Joakin Bedoña–Loramendi Gorazarrea lehiaketako irabazlea izan zen 1959. urtean, Maldan behera lanari esker. Harri eta Herri lanarekin, Orixe sariketa irabazi zuen 1962an; bost urte beranduago (1968an) lan berberagatik Jose Maria Iparragirre saria eman zioten. Orixe saria irabazi zuen bigarrenez 1965ean, kasu hartan baina, Euskal Harria deitutako lanari esker.

Argi geratzen da garai hartako idazlerik garrantzitsuenetarikoa izan zela, eta zorionez, bizkaitarrak lan paregabeak utzi zizkion euskal kulturari.