433 Zenbakia 2008-03-28 / 2008-04-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kafe Antzokiak gora

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Euskal Herriko txoko askotan aurki ditzakegu gaur egun kafe antzokiak. Bizitasun handiko tokiak dira orokorrean, agenda zabala izaten dute. Gehienak, euskalgintzaren alde lan egiten diharduten eta adin guztietako jendea batzen duten topaguneak dira. Bilbo eta Ondarroa

Nork ez du ezagutzen Bilboko Kafe Antzokia? Esan genezake Euskal Herrian erreferentea dela, eta agian, gure artean ezagunena. Zenbat Gara elkartearen ekimenez sortu ziren bai Bilbokoa eta baita Ondarroakoa ere, 1995ean eta 2001ean, hurrenez hurren.

Baina zer da Zenbat Gara? Euskara gizarteko arlo guztietan erabiltzeko xedea duen kultura elkartea da eta urte hauetan zehar, aurrera eraman dituzten askotariko ekimenen artean dago Kafe Antzokia. Esan bezala, era guztietako iniziatibak burutzen dituzte Zenbat Garakoek: tailerrak, ume, gazte zein helduentzako jarduerak, kontzertuak, dantzak... eta horietariko asko eta asko Kafe Antzokian bertan egiten dituzte.

Horrez gain, euskaltegi bat ere badauka (Gabriel Aresti), Bilbo Hiria irratiaren sustatzailea izan zen eta Gara argitaletxea ere Zenbat Gara erakundearen eskutik sortua izan da. Plateruenako ikuspegi bat. Durango

Plateruena izenez ezaguna da Durangoko antzoki hau eta Berbaro elkartearen lanari esker sortu zen 2004ean. Durangaldeako euskalgintzan lan handia egiten duen elkarte honek, aisialdi eta kulturgintzarekin lotutako ekimenak eramaten ditu aurrera.

Berbaroko lagunek egindako elkarlanaren ondorioz proiektu hau aurrera eramateko aukera egon da. Hala, gaur egun 870 bazkide dira Berbaro elkartearekin batera kafe antzokia osatzen dutenak. Bertako kideen esanetan, “euskarari bere herrian zor zaion begirunea eskatu eta prestigioa emanez aurrera eramandako ekintzak” burutzea dute helburu. Elgeta

Gipuzkoako herritxo honek ere badauka bere kafe antzokia eta haren izena, Espaloia da. Doinu ezberdinak eskaintzen dizkio bertara gerturatzen denari, baina musika areto bat baino gehiago da. Hemen ere, kulturaren usain gozoa nabaritzen da. Bertan egiten dira, esaterako, Debagoienan erreferente bihurtu den Danbaka musika lehiaketa edota magia mostra izeneko emanaldiak. Donostia

Gure hizkuntza, euskara, abiapuntu hartu zuten Donostian ere Doka kafe antzokia irekitzeko. Berriena dela esan genezake, 2007ko maiatzean ireki baitzituzten ateak. Aisialdirako toki aproposa, musika, antzerkia eta beste kultur ekimenentzako pentsatutako topalekua dela esan daiteke. Laudio

Arabako herrixka honetan 1999an zabaldu zuten Kafe Antzokia, LKA. Entretenimendurako tokia da hau ere, ezbairik gabe. Kontzertuak eta jai latinoak dira LKAn nagusi. Bi areto ditu. Lehenengoan estilo askotariko musikarekin dantza egiteko aukera dago eta baita saloi dantzak ikastekoa ere. Bigarren aretoan, berriz, kafetegia dago, billarra, jateko eta trago bat hartzeko aukera eta beste hainbat eskaintza ditu bertaratzen denak eskura.

Argi dago euskalgintzaren aldeko apustu gogorra egin eta modu tradizionaletik irtenda, elkartzeko toki berriak sortu, aktibitate ezberdinak eskaini eta jendearen konplizitatea lortu dutela Kafe Antzokiek. Modu aktibo edo zeharkako batez, euskarari eta orokorrean, gure kulturari bultzada emateko toki bihurtu dira, dibertimendua ahaztu gabe.