432 Zenbakia 2008-03-14 / 2008-03-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskal literatura Iparraldean

BIDEGAIN, Amaia

Baionako fakultateko ikaslea



Euskal literatura duela mende aunitz hasi zen, ahozko literaturaren bidez euskal mitologiaren ipuinak transmititzen baitziren. Idatzizko literatura aldiz, berant hasi zen, Bernat Etxeparek Vasconum Primitiae Linguae izeneko liburua 1545ean idatzi arte. Mendeak aitzina euskal literatura anitz garatu da. Ikus dezagun gaur egun duen egoera Euskal Herriko iparraldean. Ahozko literatura Koldo Amestoy.

Kondalaritza :

Iparraldean Koldo Amestoy kondalari famatua dugu. Ipuinaren birpizte alorrean aitzindari bezala ezagutua da eta 1983 urtetik ipuinaren munduan kontalari dabil. Beti sorkuntza bereziak ditu, Euskal Herriko ipuin eta mitoetan murgiltzen gaitu; herensuge, laminak , basajaunak eta euskal mendietan dauden beste hainbat pertsonaia babesle, zuhur edo maitagarrien inguruan.

Artista hau elebiduna da, Euskal Herrian euskaraz emaiten ditu bere ikusgarriak, nahiz eta frantsesa ere erabili atzerrian. Beretzat kontatzea joko bat da: hitz jokoa, ahotsa eta musika, publikoarekiko duen harremana...

Bertsularitza :

Izen eta itzal handiko bertsolariak eman ditu Ipar Euskal Herriak; Piarres Topet “Etxahun”, Fernando Aire “Xalbador” eta Martin Treku “Mattin”, besteak beste . Geroztik 1982an Bertsolarien Lagunak Elkartea sortu zen, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuan bertsolaritza bizirik atxiki eta sustatzeko xedearekin.

Gaur egun, Iparraldean bertsolaritza berpizten ari dela erran daiteke, Sustrai Colinak eta Amets Arzallusek frogatzen duten bezala. Aurten gutxi gorabehera 20 bertso eskola zenbatzen dira eta ikastolen programetan integratzen ari den gaia da. Duela bi urtetatik Hernandorena gazte sariketa antolatzen da eta 2008rako, Iparraldeko txapelketa antolatuko da. Hala ere, bertsozaletasuna ez da oso garatua eta maila horretan indar bat eraman behar da.

Pastoralak :

Xiberoko pastorala euskal antzerki herrikoiaren mota landuena da. Gaur egun ezagutzen ditugun idazki zaharrenak XVIII. mendekoak baldin badira ere, antzezten eta kantatzen den antzerki horren jatorria Erdi Aroko antzerkietan kokatzen da segur aski. 1950 urtetik aitzina, Etxahun–Iruri kantu egile handiari esker pastorala erabat berritua izan da, ez itxurari dagokionez, baina gaiak Euskal Herriko pertsona historikoen inguruan izan direlako. Hori dela eta, pastoral bat ikusi nahi baduzue orain uda goitatu beharko duzue eta Xiberua bisitatu.

Idatzizko literatura

Hiru idazle aipatuko dizkizuet :

Eneko Bidegain, kazetari lapurtar gazteak, bi nobela idatzi ditu jadanik: Anbroxio 2002an eta Mahatsaren begia 2005ean. Horrez gain, saiakera bat plazaratu du 2005ean Iparretarrak, Erakunde baten historia eta Gure Irratian bertso saio bat animatzen du.

Daniel Landart hamazazpi urtetan hasi zen euskaraz idazten eta geroztik gure idazlerik emankorrenetakorik bat da. Gainera, biziki aktiboa da literatura eta antzerkiaren alorrean: “Antzerkilarien Biltzarra” elkartea sortu zuen 1967an Baigorrin eta lan asko egin du “Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrea” (EATB) elkartearen barnean. Azpeitiako Antzerki Topaketetan Zuzendari egokienari saria eskuratu zuen 1983an. Bere liburu ezagunenak dira: Hogoi urte, Aihen ahula (3 edizio), Erranak erran, Batita Haundia(Irun Literatur Saria), Anaiaren azken hitzak.

Artikulu askoren idazlea da kazeta eta agerkari hauetan: Gazte, Pan–Pin, Etchea, Enbata, Herria, Almanaka... Horrez gain, hogei bat kantuen hitzak egin ditu, Mikel Laboa, Gorka Knör, Anje Duhalde, Errobi taldea, Mixel Ducau musikarientzat. Euskal kultura erakundean sartu zen 1990ean.

Emazteak ere ari dira garatzen literaturan, eta hor dugu Itxaro Borda, idazle, nekazari, historialari eta postaria. Haurtzaroa Nafarroa Beherean igaro zuen. Nekazaritzan eta Historian lizentziatu bazen ere, ogibidez postaria da. Seaskako presidentea ere izan da. Baina geure artean bereziki ezaguna da literaturaren inguruan egindako lanagatik. Maiatz literatur aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen 1982an. Lehen liburua 1984an argitaratu zuen, Bizitza nola badoan izenburuarekin. Euskadi Saria jaso zuen 2002an, %100 basque nobelarekin.

Euskal argitaletxeak

Iparraldean bi nagusi ditugu, Maiatz eta Gatuzain. Lehena 1982an sortu zen, nahiz eta hastapenean literatura aldizkari bat izan. Bigarrena berrikiago da, 1999ko ekainean plazaratu zuen bere lehen liburua. Geroztik, proiektuak eta sailak biderkatu dituzte hasierako ideia beti gogoan atxikiz: euskal sormena ezagutarazi, mundura leiho bat ireki eta jendartea aldatu nahi duten guziekin batera lan egin. Ez badakizue zer irakurri ondoko bakantzetan, hona hemen ideia on bat: Euskal Herria 2050 .