431 Zenbakia 2008-03-07 / 2008-03-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Martxoak 8: nondik norakoak

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Urtero ospatzen da mundu guztian martxoaren 8a; berezko izena daukan data. Martxoaren 8a aldarri bat egiteko eguna da. Urteak dira Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen denetik, baina nondik dator “ohitura” hau?

Ba nazioarteko egun horren jatorria ezagutzeko, XIX. mende bukaerara egin behar da salto, orduan eduki baitzuten horrelako egun bat sortzeko ideia, nahiz eta XX. mendean hasi ziren ospatzen. Aro hura gizarte industrializatuan mugimendu handiko garaia izan zen. Mendeetako borroka baten ondorioz mobilizazioak ematen hasi ziren emakumeen egoeraren inguruan. Grezia Zaharra

Noski, XX. mendekoak ez ziren lehenengoak izan. Esate baterako, Grezia Zaharreko Aristofanes antzerkigilearen irudimenetik jaio zen Lisistrata izeneko pertsonaia. Bera, Atenaseko gerlari baten emaztea zen eta garai hartan Atenas eta Espartaren arteko borroka latza bizi zen. Bakea lortu nahian, bi bandoetako emazteekin bildu zen Lisistrata, eta greba bitxi bat egiteko konbentzitu zituen: beraien senarrekin sexu harremanik izan ez zezatela, hain zuzen ere. Egoerak horrela jarraituko zuen, harik eta bake akordioa sinatu zuten arte.

Antzerki–lan hura bakearen aldeko esfortzu organizatu baten erakusgarri dela diote askok. Beraz, nahiz eta fikziozko gauza bat izan, betidanik emakumeak izan duen garrantziaren erakusgarri dela esan liteke. Borroka, urratsez urrats

Baina aro modernoagoei begiratuz gero, ikus dezakegu makina bat borroka egin direla emakumeen alde. Kopenhagen, esaterako 1910ean Internazional Sozialista elkartu zen emakumeen eskubideen alde eta sufragio unibertsala eskatzeko. Eta hamazazpi herrialde desberdinetatik joandako ehun emakume baino gehiagok aho batez onartu zuten proposamena.

Horren ondorioz, Suitzan, Alemanian, Danimarkan eta Austrian lehenengoz ospatu zen Emakumearen Nazioarteko Eguna 1911n, martxoaren 19 batez. Urte hartako aldarrikapenean bozkatzeko eskubidea eskatzeaz gain, kargu publikoetan parte hartzekoa, lan egitekoa, diskriminaziorik eza eta lanbide heziketarako eskubidea exijitu zituzten.

Urte hartan bertan New Yorken ezbehar bat jazo zen. Martxoaren 25a zen eta bertako fabrika batean sute bat gertatu zen. Guztira 140 emakume langile hil ziren, gehienak etorkin italiar eta judutarrak. Salaketa gisa, handik aurrera Emakumeen Nazioarteko Egunetan erreferentzia egin zitzaion gertaera latz hari.

Bestalde, nazioarteko egun hau finkatzen lagundu zuen beste gertakari bat Lehenengo Mundu Gerra izan zen. Bataz beste bi milioi soldadu errusiar hil ziren garai hartan eta emakume errusiarrak egoeraz nazkatuta, 1917ko otsailaren 23an (bertan erabiltzen zuten juliotar egutegiaren arabera) greba egitea erabaki zuten, “bakea eta ogia” lelopean. Nahiz eta hasiera batean kritikatuak izan ziren, azkenean Tsarrak kargua utzi behar izan zuen eta behin–behineko gobernuak emakumeei boto eskubidea eman zien. Hala, egutegi gregoriotarraren arabera, martxoaren 8 hura egun historikoa izan zen. Gaur egun

Nahiz eta ukaezina den emakumearen egoera biziki hobetu dela urteen poderioz, ezin da esan erabateko berdintasuna erdietsi denik. Garapen bidean dauden herrialde askotako kondizioa are larriagoa da. Zorionez, baina, erakundeak gogor dabiltza bertako biztanleen pentsamoldea aldatzeko, hori izaten baita eraldaketaren abiapuntua.

Oraindik makina bat konturengatik egin behar da borroka, zoritxarrez. Matxismoa da kasu askotan etsai nagusia: genero indarkeria, lan baldintza kaskarrak, horren eraginez sortzen dira, esaterako. Horregatik, erne egon behar dugu eta ahal dugun neurrian gizarte ereduaren aldaketarako urratsak eman. Gizon ala emakume, guztion ardura delako.