430 Zenbakia 2008-02-29 / 2008-03-07

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Marian Beitialarrangoitia. (Politikaria): Nire lana herriaren esanak definitzen du, herritarrei eragiten dieten gauzei buruz iritzia jasotzea eta horren arabera jokatzea

SAN NIKOLAS IKASTOLAko lantaldea

(Getxo)

Azken aldian asko entzuten da Marian Beitialarrangoitiaren izena. Hernaniko alkatea da, eta lerro hauetan, bere karguari buruz hitz egingo digu; udaletxeetan egiten den lana izango du izpide. Zein da zure lantegia?

Hernaniko udala, eta alkate izan aurretik, Euskadi Irratiko egoitza izan nuen lantoki. Argazkia: Hernaniko webgunetik hartua.

Zein da zure funtzioa herrian?

Hainbat alorretako burua izatean datza nire lana. Adibidez, larrialdiak gertatzen direnean arduradun nagusia naiz, protokolozko kargua betetzen dut, udaltzainen eta hirigintzako gidaria naiz eta baita beste hainbat alorretako burua ere.

Zer da pleno bat eta zer funtzio du? Pleno bat udalak erabakiak hartzeko duen organo nagusia da; erabaki batzuk nik betearazten ditut zuzenean eta beste batzuek gobernu edo zinegotzien babesa behar dute. Hernanin, 17 zinegotzi gaude guztira.

Hartzen dituzun erabakiak zuzenean betetzen al dira?

Batzuk bai, dekretu bidezkoak direnak. Besteak, gobernu mailan onartuak edo plenoaren baimena behar izaten dute.

Zeintzuk dira zure lankideak?

Batetik, udaleko zinegotziak; bestetik, alderdi berekoak; eta azkenik, udaleko langile eta funtzionarioak: sekretarioak, udaltzainak... Gutxi gora behera 100etik 200era bitartean dira.

Zertan desberdintzen da zure lana herritarrekiko?

Nire lana herriaren esanak definitzen du, herritarrei eragiten dieten gauzei buruz iritzia jasotzea eta horren arabera jokatzea da nagusiki nire eginbeharra.

Zerk bultzatu zintuen alkate izateko erabakia hartzera?

Proposatu egin zidaten eta baietza eman nuen nire herriari ekarpenen bat egiteko gai nintzela uste bainuen. Izan ere, denok ezezkoa emango bagenu, nola egingo genuke aurrera?

Zure ustez, edozeinek egin al dezake lan hau?

Guzti–guztiek ez, baina gehiengoak egin dezake, bai eta lanerako asmoa, ikasteko gogoa eta disposizioa jartzen badu.

Noiz hasi zinen EAE/ANV–n parte hartzen?

Maiatzeko hauteskundeetan, ordura arte ez nenbilen inon.

Zer arlotan espezializatu zinen unibertsitatean?

Kazetaritzan espezializatu nintzen.

Politikari izan baino lehen, zertan jarduten zenuen?

Irratiko esataria nintzen Euskadi Irratian, Faktoria saioko zuzendaria izan nintzen. Marian Beitialarrangoitia (Legazpi, 1968) Gipuzkoar hau kazetaritzan lizentziatu zen, eta hainbat urtez Euskadi Irratiko Faktoria saioaren zuzendaritza lanean aritu zen. Ondoren, 2007ko hauteskundeetan, ANV–EAE alderdiak Hernanin irabazi eta bertako alkatea dugu gaur.