429 Zenbakia 2008-02-22 / 2008-02-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazteria eta kirola Ortuellan

MARTOS, Ursula RENDÓN, Noelia

Burdinibarra ikastetxea (Trapaga)



Amets Ederra kirola gustuko duten neskez osatutako saskibaloi taldea dugu eta gure artikuluaren helburua haren historia eta lanaren berri ematea da.

Amets ederra saskibaloi taldea 1997an sortu zen Ortuellan. Urte hartan, lagun talde batek entrenatzaile bat bilatu eta saskibaloi talde bat sortzeari ekin zion. Momentu hartan ez zekiten herriko kirol erakunde garrantzitsuenetariko bat egikaritzen ari zirenik. Amets Ederrako neskak Bizkaiko txapeldun ordeak 2007n

Talde hau neskei zuzenduta dago, saskibaloia maite eta osasuntsu mantentzeko kirola egin nahi duten neskei, alegia. Horretaz gain gaur egun, mutilen talde bat ere badago herrian: Barrena Berri.

Nesken taldearen hurbileko helburua ondo pasatzea den arren, horren atzean entrenatzaile eta arduradunen ezkutuko nahia dago. Hau da, umeei txikiak direnetik balio batzuk transmititu gura zaizkie: errespetua, joko garbia, taldean lan egiten ikastea, kirola eta bizitza osasuntsuarekiko zaletasuna... Adinaren arabera banatuta

Gaur egun, Amets ederra taldean lau talde daude astearte, ostegun eta ostiraletan biltzen direnak: txikiek bi talde dituzte eta 9 urtetik 13 urtera arteko neskez osatuta daude. Denbora laburra daramate saskibaloian jokatzen eta taldearen ardurarik nagusiena lehen aipatutako balioak finkatzea da, hortik aurrera kiroltasunez lehiatzeko gai izan daitezen.

Beste taldeak 14, 15 eta 16 urteko neskek osatzen dituzte, kadete mailan lehiatzen dihardutenak. Eta azken taldea erronka polit bat da; 17 eta 25 urte bitarteko neska gazteek osatzen dutena hain zuzen ere. Horietako batzuk kirol elkarte hau sortu zenetik laguntzen egon dira eta oraindik ere jolasteari eutsi nahi diote. Eskola kiroletik bigarren mailako senior kategoria federatura pasatu dira. Entrenamenduak

Herri–polikiroldegian entrenatzen dute maila guztiek eta materiala saskibaloi taldeak berak erosten du: baloiak, saskiak, jantziak, aktak... Hori guztia posible egiten duten pertsonak asko dira. Entrenatzaile gehienak Ortuellakoak dira eta aurretik, saskibaloian jokatu dute. Batzuk taldea sortu zenetik daude bertan lanean eta beste batzuk beranduago sartu dira. Gehienek 20 eta 40 urte bitartean dute eta denbora luzean aritu dira saskibaloi taldeak entrenatzen edo antolatzen.

Entrenatzaile hauek erdi–profesionalak dira. Hainbatek entrenatzeko titulua dute, besteek gimnasioan egiten dute lan eta entrenamendu fisikoak prestatzen dituzte... Jokalariek ere parte hartzen dute entrenamendu lanetan eta adin txikiko taldeak eramaten dituzte, ilusioa eta ondo pasatzeko nahia transmititzeko asmoz. Neska nagusien taldea jokalari federatu batek entrenatzen du eta lan gogorra egiten ari da taldea kategoriara moldatzeko eta ahalik eta hoberen jokatzeko. Barrena Berriko kideak 2007n

Kirol talde bat ez da bakarrik entrenatzea. Lan asko egin behar da, besteak beste, partiduak antolatu, fakturak eguneratu, gurasoak informatuta eduki... Gurean, lan horiek entrenatzaileek ere egiten dituzte. Gainera, orain nagusiagoak diren neskek ere beren laguntza ematen dute, ahal duten heinean behintzat, erakundea aurrera eraman ahal izateko. Nahiz eta Amets Ederra taldean lan egiten dutenak entrenatzaile profesionalak ez izan, egunero hobetzen saiatzen dira.

Kirola eginez umeen arteko afektibitatea, entrenatzaile eta kontrako jokalariekiko errespetua...lantzen dira eta, hezitzailearen ikuspuntutik, harreman pertsonalak askoz ere aberatsagoak dira, umeekin zein gurasoekin. Barrena Berri

Mutilen taldeak berriz, Barrena Berri izena du eta 1986ko abenduaren 12an sortu zen. Data horretan saskibaloian jolastu nahi zuten mutil askoren ametsa egi bihurtu zen Ortuellan, eta 22 urte geroago oraindik bizirik dago taldea. Barrena Berri taldeko eskaintza herriko ume txikiagoei zabaldu zitzaien 1989. urtean eta Ortuellako Otxartaga eskolan saskibaloian jolasten hasi ziren umeekin premini kategoriako taldea sortu zen.

Ia desagertu egin zen talde hau diru faltagatik 1994/95 denboraldian eta klubak bere bi talde federatuak kendu behar izan zituen; ondorioz, soilik eskolako taldeak jarraitu zuen jolasten. Urte batzuk pasa ondoren kluba federatu egin zen berriro eta 1997/98. urteko denboraldian senior kategoria sortuz. Gaur egun talde honek liga federatuaren bigarren erregionalean jolasten du, hurrengo kategoriara igotzeko asmoz.

Barrena Berriko kideek web orri bat egin dute eta bere klubeko hainbat gauza aurki ditzakegu bertan.