Gure gizartean homosexualitatea geroz eta onartuago dago, zalantza gabe. Baina zer gertatzen zen orain dela hamarkada batzuk? Elkarrizketa honetan, egoera lehenengo pertsonan bizitako emakume bati egin dio Ihintzak, eta hona hemen emaitza: Noiz ohartu zinen? Eskolan, oso gazterik ohartu nintzen beste neskek erakartzen nindutela. Eta oso gaizki sentitu nintzen. Pentsatu nuen bakarra nintzela munduan. Besteengandik desberdina sentitzen nintzen. Sekretu handi bat neraman nire baitan eta anitz pisatzen zidan. Lagunak mutilez, beraien harremanez eta kezkez mintzo zirenean, ni, isilik gelditzen nintzen. Ez zuten ulertzen eta ni ez nintzen ulertua sentitzen. Inork ez zuen imajinatzen homosexuala izan nintekeenik ere eta zinez bakarrik eta isolatuta nintzen. Nerabezaroan lagunen arteko sozializazioa biziki inportantea da eta ez zarena agertu beharra sufrimendu handia da. Neska batekin lehen harreman sexuala hogei urterekin izan nuen. Aitzin probatu nuen gizonekin, ea gustuko nuen ikusteko baina ez, nahiz eta usu saiatu, ez nuen gizonik desiratzen. Inguruan presioa sentitzen nuen. Ororen buru, denek gauza bera diote: lasai, pasatuko zaizu, sendatuko zara. Ez kukutzeak zer ondorio ekarri zizkizun? Duela hogei urte bakarrik naiz agerian. Hastapenean alimaleko kalapita sortu zen. Auzokoek biziki gaizki ikusten zuten eta familiak presio handia jasaten zuen. Bistan dena, ez da gauza bera homosexuala izatea Miarritze bezalako hiri batean edo herri txiki batean; edo Parisen. Toki batzuetan zaila da oraino, beste batzuetan aldiz, onartuagoak gara. Nola hartu zuen familiak? Usu pentsatzen da “amak duen adinarekin ez du ulertuko... nola emango diot horrelako disgustua...” Baina ulertzeko, adinak baino eragin handiagoa du jarrera pertsonalak. Esaldi horren gibelean bere beldurra ikusten dut nik. Erratea ausartu eta, denborarekin burasoak gehiago ezagutzera heltzen gara eta maitasuna askoz irekiagoa eta sanoagoa bilakatzen da. Egunerokoan? Nik pentsatzen dut ez dugula denetan homosexualak garela erran beharrik. Normaltasun guziz azaldu behar dugu nor garen. Lankideak senarraz mintzo direla? Ba nik nire neska aipatzen dut. Ez da aldarrikapen bat egitea, baizik eta egia ez ezkutatzea da. Oso inportantea da homosexualitatea normaltzat, naturaltzat jotzeko. Zer egiten duzu egoera hobetzeko? Ni irakaslea naiz. Usu, homosexualitatea nerabezarotik aitzina ikusten dugu baina ez da ahantzi behar gu haurrak ere izan ginela! Eskolan, orokorki %10 homosexuala da, bai haurren artean eta bai irakasleen artean. Haurrek erreferenteak behar dituzte, ez daitezen isolatuak edo lekuz kanpo senti. Homosexualen suizidio kopuruak anitz emendatu dira eta horrek biziki kezkatzen nau, gazte horien sufrimendua erakusten baitu. Komunikabideetan adibidez, gayak anitzez gehiago agertzen dira lesbianak baino. Gayen inguruan estereotipo bat sortzen da eta denak berdinak imajinatzen ditugu. Lesbianak aldiz inexistenteak gara. Aipatzen gaituztenean deskalifikatzeko izaten da: itsusiak, mari mutilak... Alta gure artean, bada denetarik, batzuk meheak, besteak femeninoagoak. Orain lesbianen irudia gizon heterosexualentzat erabiltzen da publizitatean adibidez. Gu ez gara existitzen sexu bidez transmititzen diren eritasunen estatistiketan. Ginekologo batengana joatean zure historiala betetzen hasi eta galdera guztiak emazte heterosexualei zuzendutakoak direla ohartzen zara! Eta lesbiana zarela erraten badiozu, nahiz eta profesionala izan, gehienak ezjakin hutsak dira lesbianen sexualitatearekiko. Emazteen sexualitatea duela urte gutxi arte ez zen existitzen. Gizonari plazera emateko bakarrik balio zuen. Orain emazteak bere plazera duela onartzen da baina beti ere gizonaren bidez. Lesbianen artean zakilik ez dagoenez, “zer egiten dute ba hauek?”, pentsatzen du jende anitzek, eta baita medikuek ere. Bi hitzez: informazio eskasa handia da eta ni, bai lanean eta bai eguneroko bizitzan jendearen galderei erantzuten saiatzen naiz, ignorantziari aurre egiteko. Emazte anonimoa (Baiona, 50 urte) Gaztetan ohartu zen neskak gogoko zituela. Asko sufritu zuen besteen aurriritziengatik. Gaur egun ez du kukutzen. Homosexualitatea sexualitatearen barne dela dio eta, erakasle izanki, homosexualitatea natural izan eta senti dadin ari da lanean egunero.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.