427 Zenbakia 2008-02-08 / 2008-02-15
Urdulizen, Bizkaian. Non egiten duzu lan? Beno, oraindik ikasten nabil unibertsitatean, Gizarte Hezkuntza ikasketak. Horrez gain, nire denbora librean haur bati klase partikularrak ematen dizkiot. Eta zein elkartetan zaude kolaboratzen? Sopelako Saharako elkartean nago, NUYUM izenekoan. Honek, beraien hizkuntzan izarra esan nahi du. Ni elkarteko idazkaria naiz. Zergatik hasi zinen horretan? Ander Deuna ikastolarekin ikasbidaia egin genuen 2004an Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara. Orduan 17 urte genituen eta ezohiko ikasbidaia izan zen; izan ere, normalean Andaluziara, Saloura eta halako lekuetara izaten baitira. Baina guk Sahara aukeratu genuen, eta elkartasun bidaia horretatik bueltan, nahiko hunkituta itzuli ginenez, elkartea eratu genuen beraiekin lanean jarraitzeko. Zenbat zaudete elkartean? Hogeita hamabost bat kide gaude, eta ia gehienak gazteak gara. Ze motako gauzak egiten dituzue bertan? Beno, elkarteak proiektu batzuk ditu kanpamenduetan; esaterako, emakumezkoen eskolarekin anaikidetuta gaude eta bertan informatika gela bat dugu. Gainera, urtero arropa, jostailuak, artilea eta beste hamaika gauza eramaten ditugu bertara eta kanpamenduko anbulategiarekin lanean ari gara. Bestalde, UJSARIO– rekin (Gazteen elkarte bat) ere lanean ari gara. Asmoa dugu 2008an beste proiektu bat hasteko, izan ere, nagusien etxe bat eraikitzea pentsatuta dugu eta. Dena dela, politika arloan ere lan egiten dugu, manifestaldietan eta kontzentrazioetan parte hartzen baitugu. Udan ume sahararrak Sopelako familietara ekartzeaz arduratzen den programan (Oporrak Bakean) ere parte hartzen dugu eta azkenik urtero ateratzen den Euskal Karabanan aktiboki lan egiten dugu janari bilketan. Hitzaldiak ematen ditugu batez ere ikastetxeetatik, gazte mailan sentsibilizazio lan pixka bat egiteko. Zenbat janari, medikamentu eta abar bidaltzen dituzue? Bataz beste 70 tona janari jasotzen dira Euskal Herri mailan. Botikena egia esan ez dakit, baina bertako medikuak esan digunez, aurten gure elkarteak bidalitako medikamentuei esker biziraun dute. Beste kanpamenduetan sendagai krisi handia dago eta gurean, zorionez ez. Zer da horrelako erakunde bateko kide izatearen onena? Nire ustez politena bertan egiten dugun lana da, kanpamenduetan ikusten duguna, beraiek pozik ikusten baititugu. Hori da ederrena, egiten dugunak zerbaitetarako balio duela ikustea. Oso sentsazio ona geratzen zaigu haien aurpegiak ikustean. Ekartzen dituzuen umeek nola erreakzionatzen dute Euskal Herrira heltzean? Hasieran aho bete hortz geratzen dira, dena da berria beraientzat: etxe handiak, ura, komuna, argirako interruptoreak, belarra, zuhaitzak, igerilekua, hondartza, eskailerak... dena. Gure kulturarekin ere harrituta geratzen dira, gero pixkanaka ohituz doaz eta gaztelania ere oso arin ikasten dute. Oso ona da umeak hona etortzea beste bizimoduak ezagutzeko eta batez ere uda garaian kanpamenduetatik ateratzeko, bertan 53 gradu egiten baititu eta hori bero handiegia da zortzi urteko ume batentzat. Handik hona umeak ekartzeko arazoak izan al dituzue? Ez, Frente Polisarioa (Saharako mugimendu independentista) eta Aljeriako gobernuaren arteko akordio baten bidez egiten da programa eta ondorioz, ez dago inolako arazorik umeak hona ekartzeko. Herrialde guztietan Frente Polisarioko ordezkari bat dago eta beraiek arduratzen dira koordinazio lanak egiteaz. Bestalde, gobernu espainolak inoiz ez du eragozpenik jarri. Ze desberdintasun dago hango eta hemengo bizimoduaren artean? Oso handia. Han dendetan bizi dira eta gu etxeetan; gainera haiek ez dute urik eta guk bai. Ez dute janaririk ezta ezer produzitzeko aukerarik ere. Haiek ez dira beraien lurraldean bizi eta errefuxiatu kanpamenduetan daude. Guk hemen dugun guztia, han falta dute. Dena den, beraiek oso gutxirekin zoriontsuak dira, gu ez bezala; guk zenbat eta gehiago izan, orduan eta gehiago nahi baitugu. Hunkigarria eta ikaragarria da hango bizimodua, gogorra benetan! beraiek esaten duten bezala ?infernua da?, beraiek Aljeriako Tinduf hiritik hurbil basamortuaren alderik txarrenean bizi dira: han ez dago belarrik, zuhaitzik, ibairik, animaliarik... oso gogorra da! Pentsatzeko modua ere desberdina izango da... Bai, noski, baina mundu arabiarrean dauden herrialde musulmanen artean, sahararrak dira toleranteenak nire ustez. Eta emakumearen egoerari dagokionez ere, saharar emakumearena askoz hobea da beste herrialde musulman batzuetakoa baino. Pentsatzeko era desberdina da noski, gehien bat erlijioarengatik, baina oso toleranteak dira beste kulturekiko. Zenbatero joaten zara atzerrira? Urtero joaten naiz kanpamenduetara. Orain dela astebete bueltatu naiz azkenengo bidaiatik Amaitzeko, beste herrialde batera joango zinateke laguntzera Saharara bezala? Bai, 2007ko udan Palestinan egon naiz eta hemen uda pasatzen egon diren 45 ume palestinarrei bertara itzultzen lagundu nien. Oso esperientzia aberatsa izan zen bidaia hau ere. Egoera guztiz desberdina da noski, Palestinan etengabeko okupazio militarra jasaten dute: bonbak, tiroak, kontrolak... Oso gogorra eta ezin dira bi gatazkak konparatu, bakoitzak bere ezaugarrriak ditu. Dena den, Saharakoa da hurbilen bizi dudana eta uste dut guztion erantzukizuna dela saharar herriari laguntzea, besterik ez. Honekin amaitu dugu. Eskerrak eman nahi dizkizugu momentu honengatik eta egiten duzun lanagatik. Eneko Calle (Urduliz, Bizkaia) Hogei urte ditu gazte bizkaitar honek. Gizarte Hezkuntza ari da ikasten eta bide batez Saharari laguntzeko Nuyum taldeko idazkaria da. Ikasbidai baten ondorioz sortutako erakunde honek lan garrantzitsua egiten du. Gainera, Palestinan ere egon zen iaz Eneko.