426 Zenbakia 2008-02-01 / 2008-02-08

Euskonews Gaztea

Taldea: Igaraba

ADEVE

ADEVE

Latinez: Lutra lutra Gaztelaniaz: Nutria Ingelesez: Otter Frantsesez: : Loutre

Ezaugarriak:

Animalia eder honek gorputz fusiformea du, bizkarraldean iluna eta sabelaldean zurixka den ileaz estalia, buztan zabal eta gihartsua eta buru zapala. Bere luzera 100 eta 120 zentimetro artean dabil eta pisua ez da 10 kilogramotik garakoa. Ilea, distiratsua eta sarria, bizpahiru zentimetro luzeko ilazki oso trinkoak osatzen du, eta honek uretatik isolatzen du.

Tamaina:

Burua eta gorputza: 65-85 cm. Buztana: 40-43 cm. Pisua: 7,3-10 Kg.

Biologia:

Biologia aldetik, bere ezaugarririk harrigarrienetako bat aparteko urperatze iraunkortasuna da, ur azpian hiru eta lau minutu artean egon baitaiteke etengabe mugituz. Horren arrazoia bihotz erritmoa eta, beraz, odolaren zirkulazioa moteltzeko duen gaitasuna da. Modu horretan, presio arteriala aldatu eta burmuinetarako odol emaria gutxitu gabe, denbora gehiago iraunarazi dezake oxigenoa. Lehorrean, igarabak bizkorrak eta nekaezinak dira. Ibilera azkarra dute eta gau batean hogei kilometro baino gehiago ibil daitezke. Beste haragijale batzuek ez bezala, gose denean bakarrik ehizatzen du. Eguneko gainerako denbora, bere burua txukuntzen, atsedena hartzen, eguzkitan egoten eta jolasean ematen du. Igarabak urtez urte gordeleku berbera aukeratu ohi du bere kumeak jaiotzeko. Estalketa eta gero, emeak bi edo hiru ume itsu eta babesgabe egiten ditu. Hauek, handik hilabetera, begiak irekitzen dituzte eta, zazpi egun eskas geroago, oraindik edoskitzen dutelarik, uretara eramaten ditu amak. Jaiotzatik hirurogei egunera, titia kentzen die. Igaraba txikiek beren lehenbiziko janari solidoa hartzen dute eta arrantza egiten ikasten dute. Ia urtebetez ama bere umeei adi-adi bizi da, baina denbora hori igarota berriro arreske jartzen da, ar menperatzailea hartzen du eta honek umeak amaren lurraldetik egozten ditu.

Elikadura:

Etengabe igeri eginez eta errekako harrien artean miatuz bilatzen du janaria. Modu honetan, hainbat arrain, igel, karraskari eta lo egiteko erreka ertzera hurbiltzen diren txori txikiak ere harrapatzen ditu.

Habitata:

Erreka eta errekastoak.

Hedapena:

Ugaztun guztietan adimentsu, maitekor eta amultsuenetakoa da igaraba, eta beharbada bere gorputza eta adimena ibaian bizitzera hobekien moldatu dituena. Hala ere, Euskadin desagertzen ari da. Gizakiak ibai eta erreketan sortzen duen eragina eta kutsadura dira animalia hau gero eta urriago bilakatzearen zergatiak.

NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.

Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.