425 Zenbakia 2008-01-25 / 2008-02-01

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Pascual Molongua Ibina. (Musikaria): Arazo arraziztak izateak ez deust ardura; beraien arazoa da pentsaera zabala ez daukielako

BEGOÑAZPI IKASTOLAko lantaldea

Bilbo

Neguan gagozala, Alde zaharretik oinez, zuhaitzak hosto barik, hotz handia, dana oso triste dagoala iruditzen jakula eta ezerk ez gaituala biztuko uste dogunean, bat–batean, abesten dagoan ahots polit eta sakon bat entzuten dogu. Bilboko oinezko guztiek ezagutzen daben gizon hau dogu aurrean . Gizon honek, Pascual dauka izena, orain dala urte asko Espainiako kolonia izan zan herrialdetik etorri zan, hain zuzen be, Gineatik. Kaletik ikusten zaitugunean badakigu nor zaran. Baina zein da zure izena?

Pascual Molongua Ibina.

Esneki baten siglak dirala konturatu zara? PMI?

Bai, bai. Itzelezko barreak egin nebazan konturatu nintzanean.

Esan daikegu zu betidanik bilbotarra zarala, baina non eta noiz jaio zinan?

Orain dala 58 urte jaio nintzan Ginean.

Noiztik bizi zara Bilbon? Zelan heldu zinan hona?

Nire herrialdetik 1965. urtean urten neban, 15 urte neukazala. Garai haretan Espainiako kolonia zanez, itsasontziz heldu nitzan. Bilbora heldu zan lehen familia baltza Jonesena izan zan; hona etorri nintzan lehen aldian eurenera etorri nintzan. Ginea mapan ikusteko, sakatu argazkian.

Zein erlijio dozu?

Kristaua naz.

Zergaitik aukeratu zenduan Bilbo?

Betidanik gustatu izan jatan lekua izan dalako Bilbo. Txikitan bai Bilbon bai Nafarroan bizi izan nintzan nire familiarekin eta oso gustura nago hemen.

Eta hainbeste denbora pasatu eta gero, ez daukazu gogorik noizbait zure jaioterrira bueltatzeko?

Ez, Bilbo da nire bizilekua. Gainera han ez dot ezer itzi eta ez dot ezer faltan botatzen.

Zer iritzi daukazu Bilbori buruz? Gustatzen jatzu?

Bai. Asko gustatzen jat. Nire ustez bizitzeko lekurik onena Bilbo da, ziur nago.

Zer uste dozu bilbotar jendeari buruz? Zelan tratatzen zaitue?

Denetarik badago be, orokorrean pertsona jatorrak dira. Ni behintzat, beti ongi–hartua izan naz.

Ez dozu inoiz arazo arrazistarik izan?

Bai. Baina ez deust ardura, arazoa eurena da, ez nirea, pentsaera zabala ez daukielako. Mundu honetan ez dakizu non, noiz eta zelan egongo zaran, beraz...

Zelan ikusten dozu etorkinen egoera?

Galdera hau hobeto etorkin bati egitea, ni ez naz etorkina eta. Izan ere, uste dot azpikeria handia egiten jakiela bere jatorrizko herrietan azaltzen deutsienean Espainiari buruzko publizitate faltsua: ondo bizi dala, hona etortzen diranak aberats bihurtzen dirala. Baina errealitatean, hona heltzean ez dabe aurkitzen horrelakorik eta frustrazioa sentitzen dabe.

Noiz hasi zinan abesten?

Abesten oso txikitatik hasi nintzan, 12 urtegaz, gitarra batekin. Pascual elkarrizketaren egileekin.

Eta zein da zure lanbidea?

Kalean abestea. Kantari profesionala naz. Egia esan, etorritako guztiok doguz ikasketa mota bi: nik, musika eta gorputz hezkuntzako ikasketak egin nebazan.

Non aurkitu ahal zaitugu abesten kalean?

Hainbat lekutan egon naz, Donostian, Madrilen, Gasteizen... baina gehienetan Bilbon egoten naz abesten, Zazpi Kaleetan.

Zenbat denbora emoten deutsozu kantatzeari?

Egunero gitxi gorabehera, bost ordu.

Alkatearen, Azkunaren, lagun handia zara, ezta?

Bai, baina ez alkatea dalako, bilbotarra dalako baino.

Bilbon oso ezaguna zara abesteagaitik, baina azken urteotan ere oso ezagun bihurtu zara Gabonetako kabalgatan parte hartzen dozulako Baltasar errege mozorroztuta. Noiztik hartzen dozu parte?

2003tik aurrera udaletxeagaz adostu nebanetik. Eta ordutik neu izan naz Baltasar. Gainera Bilboko kabalgatako lehen benetako Baltasar baltzarana izan naz. Baina aurretik hainbat urtetan egon nintzan El Corte Ingelesean be erregez mozorrotuta.

Kontatuko deuskuzu anekdota bitxiren bat?

Ba, egun baten, Arriagan kontzertu bat entzuten nengoala, bat–batean elektrizitatea joan zala konturatu nintzan eta kantariak bakarrik, akapelan jarraitu eban abesten, eta ni laguntzeko asmoz, hasi nintzan beragaz abesten pentsatuz “Zazpi Kaleetan oinezkoek mikrofono bategaz entzun ahal banabe, ziur nago hemen barruan mikrofono barik ere entzun ahal izango nabe“.

Beno ba, Pascual, eskerrik asko eskaini deuskuzun denbora eta alkarrizketagaitik. Badakigu non zabilzan eta etorriko gara hurrengo batean be agurtzera. Agur! Pascual Molongua Ibina (Ginea, 1950) Hamabost urte zituela Euskal Herrira etorri zen bizitzera Gineatik. Bilbo izugarri maite duela eta beretzako, bizitzeko tokirik onena da. Hamabi urterekin hasi zen abesten eta ordutik ez da geratu. Kalean aritzen da horretan eta Bilboz gain, Gasteiz edo Madrilen ere aritu izan da.