424 Zenbakia 2008-01-18 / 2008-01-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Urduña historian zehar

ANTZINAKO ANDRAMARI Ikastetxeko lantaldea

Urduña



Hasteko, gure herriaren historian zenbait aspektu garrantzitsu nabarmendu behar ditugu: muga orografikoa eta kokapen geografikoa. Izan ere, herria Bizkaiko Jaurerriaren defentsan eraiki zen nahiz eta Araba erdian kokatuta egon.

Alfontso III.aren kroniketatik iritsi zaigu Urduñaren lehen aipamena eta VIII. mendeari dagokio, Alfontso I.a Katolikoaren garaiari. Erreferentzia idatzien aurrekoak dira inguruan aurkitutako historiaurreko arrastoak, Neolitikokoak eta Brontze arokoak (K.a. 2000–400). La Choza trikuharria izenez ezagutzen dira.

Bestalde, aro garrantzitsua izan zen XIII. mendera salto eginda –1229. urtera hain zuzen ere– orduko Bizkaiko jaun Lope Diaz de Harok, hiri gutuna eman ziola jakin dugu. Sortu zenetik argi islatu zen enklabe estrategiko komertzial modura zuen garrantzia, hala nola, Ipar Europatik Gaztelara igarotzeko bertatik pasatu behar baitzen. Aduanako eraikina.

Urduñaren garapen ekonomikoari dagokionez, nahiz eta 1535. urtean sute handi batek ia osorik kiskali zuen, XVI. eta XVII. mendeak garrantzi handikoak izan zirela diote adituek. Adibidez, merkataritza plaza handi modura sendotuta zen Urduña, eskualderako garrantzitsua bilakatuz, besteak beste. Hori dela eta XVIII. mende osoan Gaztelarekin lotzen zuen gurdibidea hobetu eta 1774an bide berria zabaldu zuten.

Gerora, Aduanaren eraikina egin zuten. Betebehar horrekin 1792.an hasi zen eta hiriko merkataritza–salerosketen gunea bilakatu zen. Baina dena ez da poza izan eta XIX. mendean gainbehera bat eman zen. Zehatzago esateko, beherakada hori mende horretan eman ziren gerra ugarien ondorioz gertatu zen , eta baita 1841ean aduanak kostaldera eraman zituztelako ere. Arrazoi horrexegatik ordura arteko pribilegio edo lehentasunezko tokia galdu zuen Urduñak eta gainera, karlisten lehen porrota gertatu ondoren, foruak galdu ziren.