423 Zenbakia 2008-01-11 / 2008-01-18
Deskribapena
Gorputz luzanga dauka, subzilindrikoa, atzealdetik apur bat konprimitua. Burua zabala du, masail mardulak eta ezpain lodiak ageri dituena. Ahoa berriz, zeiharra, hainbat hortz-ilaraz horniturikoa. Tamaina ertaineko begiak ditu. Aho txikikoa da.
Aurrealdeko sudurzuloa tubular samarra du. Ezkata handi samarrak ditu; albo-lerroan 40 ezkata inguru izan ditzake. Kolore aldakorra izan ohi du, adinaren, sexuaren, urte-sasoiaren edo kokalekutzat duen tokiaren arabera. Oro har, ordea, kolore iluna du, gris-horixka tonukoa, eta zeharkako sei zirrinta itzal gris-arreska ageri dituena. Zarbo beltzaren hegats pelbikoek ?gainerako zarboenek bezala- disko oboide bat osatzen dute sabelaldean, bentosa modura funtzionatzen duena aurrealdeko mintz bati esker; ez du, ordea, itsasteko ahalmen izugarririk. Arrak hainbat eme eramaten ditu habiara eta han errutera behartzen ditu; gero, arrautzak ernaldu egiten ditu, espermaz zipriztindu ostean. Arra arduratzen da arrautzak zaintzeaz, harik eta zazpi edo bederatzi egun barru zabaltzen diren arte. Larbak ur gainera egiten dute eta bizimodu pelagikoa ematen, zentimetro. inguruko tamaina erdietsi bitartean. Orduan, hondora itzultzen dira.
Tamaina
15-18 cm. bitartekoa.
Biologia
Udaberrian eta udan, algaz eta maskorrez egindako habi batean -arrak paraturikoan- erruten ditu arrautzak zarbo beltz emeak, 1.000-6.000 arrautzatxo inguru: 1,4 mm-tako altuera eta 0,5 mm.-tako zabalera dutenak.
Elikadura
Anelidoak, krustazeoak eta moluskuak.
Habitata
Hondo hareatsu eta lohitsuetan bizi da, eta arroken artean, itsasertzetik hasi eta 50 metro bitarteko sakoneratan.
Hedapena
Atlantikoa, hasi Cabo Blancotik eta Norvegiaraino, eta Mediterraneoa. Oso ugaria. NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.