423 Zenbakia 2008-01-11 / 2008-01-18

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Gabi Mouesca. (OIPko presidentea): Presondegia jendea suntsitzeko tresna da

ERRAMUNDEGI, Joseba

Baionako Fakultateko lantaldea

Baionakoa da Gabi. Kartzelelan izandakoa da eta bertatik bertara ezagutzen du presoek lau pareten artean jasaten duten egoera egoera. Orain, baldintzak hobetzeko lanean burubelarri dabil, nazioarteko presondegien behatokiko presidentea baita.

Gabi Mouesca, Baiona ttipian, Cordeliers karrikan, Ekaitza-ren egoitzan errezibitzen gaituzu. Iparraldeko aldizkari hori aipatzen ahal zenuke bi hitzez?

Ekaitza euskal astekari politikoa da. Sortu zenetik, iparraldeko ezker abertzalearen analisi eta ideiak daramatza, eta nik, ideia horien baitan betidanik sinetsi dut. Beraz, gaur bertze militante batzuk bezala, astekariaren moldaketan parte hartzera etorri naiz.

Observatoire International des Prisons (nazioarteko presondegien behatokia) erakundeko burua zara Frantziar estatuan. Erakunde horren helburuak aurkez zenitzake ?

O.I.P.-a, justizia ministeritzaren kontra boterea da, presondegiei dagokienez. Gure antolakuntza ez da estatuaren menekoa, eta OIP eta boterearen arteko bereizketa hori segurtatzeko, ez ditugu Justizia ministerioren diru laguntzak onartzen. Bertzalde, jakin behar da NBE-rendako estatutu kontsultatiboa dugula.

Bi helburu nagusi ditugu. Alde batetik, kartzelen paretak bota ezinak izanki, gure lehen helburua, pareta horiek ura bezain gardenak bilakaraztea da, gardentasun horrek giza eskubideen eta presoen duintasunaren errespetua bermatzen baitu. Presondegietan gordeak zaizkigun informazioak kanpora ateratzea da beraz gure lehen helburua. Bertzalde, gure bigarren egin beharra, politikariei “lobbying”-a egitea da, presondegiari buruzko legeak alda ditzaten.

Nor dira OIP-ren kideak? Eta nolaz bazkide egiten dira?

Gure erakundean parte hartzen dutenak eskaera beraren inguruan elkartzen dira, denek, zuzenbide-estatua Frantziako 192 espetxeetan sarrarazi nahi dute. Zer erran daiteke kideei buruz? Alde batetik badira ageriko kideak, edo bertze moldez erranik, kide ofizialak, horiek mila baino pixka bat guttiago dira. Eta bertzalde, Frantziako presondegietan, korrespontsal sare bat badugu, horietan badira medikuak, funtzionarioak, apezak… Horiei esker, jakiten ahal dugu zer gertatzen den espetxeetan. Laguntzaile horien nortasuna gordetzen dugu, jakina.

Horrelako erakunde baten buru izanki, nehor baino hobeki ezagutzen dituzu gaur egungo Frantzia eta Europako presondegien egoera ezberdinak. Zure iduriko, estatu garatu horiek garapena presondegietaraino hedatu dute ?

Kartzela eta estatu garatu kontzeptuarekin egin dezakegun lotura bakarra hau da: kartzela garatzen dela. Aldiz estatu garatu horien presondegietan, zientzia eta teknologia mailan egiten diren aurrerapenen arrastorik ez da ageri. Baina nire esperientziarekin, uste dut, presondegian aurrerapena eta erreforma ezinezkoak direla, eta hori presondegiaren izateari lotua da. Presondegiak, gizakiaren egitura zalantzan ematen du, haren gizartekoitasuna desegiten, bi hitzez: presondegia jendea suntsitzeko tresna da.

Ipar Euskal Herriko presondegi bakarra Baionakoa da, baina gauza gutti dakigu horri buruz. Nolako egoera da pareta handi horien gibelean?

Baionako presondegian 75 presorendako baizik ez da lekurik. Bizkitartean, abendu honetan, gutti gora behera, 150 preso bizi dira espetxean. Zenbaki hori adierazgarria da, erakusten duelako legezko arauak ez direla errespetatuak. Bertzalde zenbaki horrek argi uzten du, presoen bizi baldintzak eta presondegiko langileen lan baldintzak arras zailak direla. Baionako kartzela Frantziako lotsagarrienetarik bat bezala ezaguna da aspalditik.

OIP-ren buru izateak, bertze erakunde eta jende askorekin lanean aritzera erakartzen zaitu. Euskal preso politiko ohia izateak arazoak sortzen al ditu batzuetan?

Aho batez hautatua izan den Frantziako OIP-ren lehen presidentea naiz. Erakundearen barnean arazorik ez da. Baina egia da batzuetan bis a bisan ditudan pertsona batzuek ez nautela Frantziako OIP-aren presidentea bezala begiratzen, baizik eta preso ohi bezala, eta batzuetan, terrorista ohia bezala.

Zer diozu Frantziar estatuan espetxeratuak diren euskal preso politikoen egoeraz?

Egia errateko, Frantziako presondegietan diren kasik preso guziek, euskal preso politikoek jasaten dutena jasan behar dute. Jatorri guzietako presoentzat, gainpopulazioak legez kanpoko kartzela-baldintzak ekartzen ditu. Baina, argi eta garbi da, gaur egun euskal preso politikoek zigor bikoitza jasan behar dutela: presondegia eta desterrua, herria eta familiaren urruntasuna.

Baina konparatzen al da Frantzian eta Espainian jasaiten duten tratua?

Presondegia, edozein tokian izanik ere, presondegia da. Pertsonen duintasunaren aurkako tresna. Eta ez dut batere, nazioarteko presondegien Michelin gidaliburua egiteko asmorik.

Gaur egun Frantziako politikarien artean aipagai dira euskal presoak?

Frantziako delako arduradun politikoek ez dituzte batere aipatzen euskal presoak. Euskal Herrian den gatazkaren ukatzeak euskal presoen izaeraren ukatzea dakar. Indar-erlazio bat beharrezkoa da elkarrizketa eta negoziazioen sortzeko, gisa horretan Frantzian espetxeratuak diren euskal preso politikoen egoera konpon litaike.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Presondegiari dagokionez, esperantza bat badut: egun batez - 50, 200 edo 500 urteren buruan, ez dakit – gizarteetan izanen diren aitzinamenduei esker, presondegirik ez behar izatea. Euskal preso politikoei dagokienez, haien egoera gatazkaren konpontzeari lotua da. Euskal herritarrek dauzkate presondegien gakoak. Erran nahi dut, herri honetako gizon eta emazte bakoitzak, euskal preso politikoen preso egotea laburtzen edo luzatzen ahal dutela beren engaiamendu edo ez-engaiamenduen bidez.

Ezin zaizu ukatu gizon engaiatua zarela, baina nondik heldu zaizu bokazio hori?

Ttiki-ttikitik, jaso dudan hezkuntzari esker, jaso ditudan baloreei esker, inguruan nituen jendeen adibideari esker, injustiziarentzako higuintza sentitu dut. Ondotik, langile nintzelarik, nire engaiamendu abertzalean eta azkenik presondegian iragan ditudan hamazazpi urteetan, injustiziaren aurkako higuintza hori areagotu egin da. Gaur egun, abertsio hori nire gorputzeko zelula guzietan daramat. Agian horrela izanen da nire azken arnasa arte. Gabi Mouesca (Baiona, 1961) Gabi Mouesca 1961ean Baionan sortu zen, eta betidanik Euskal Herriaren alde lan egin du. Iparretarrak talde politiko-militarrean parte hartzeagatik, hamazazpi urte iragan zituen kartzelan. Aske gelditu zen 2001eko uztailean, eta laster Frantziako Gurutze Gorriaren Presondegien departamenduaren buru izendatua izan zen. Gaur egun Gabi Mouesca Observatoire International des Prisons (nazioarteko presondegien behatokia) erakundearen buru da Frantziar estatuan.