423 Zenbakia 2008-01-11 / 2008-01-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Presondegia Frantzian

DENISTY, Aude

Baionako Fakultateko lantaldea



Presondegiaren baldintzek galdera kezkagarriak eragiten dituzte. Nola dira antolatuak presondegiak Frantzian? Nola bizi da gaur egungo preso bat ? Zeintzuk dira bere bizi baldintzak? Frantziako ziega bat.

Frantzian, 2007ko uztailaren 1ean, 61.780 pertsona ziren preso, 50.387rentzat den tokian. Ez da sekula hainbeste jende egon eta, zifra hori emendatuko da : Kartzelako administrazioak, 67.000 pertsona goaitatzen baititu 2008ko udaberrian. Hauen artean 18.226 prozesuaren zain dira, 746 adingabekoak dira, 2.215 emazteak, eta 2.087 elektronikoki zainduak dira.

Hori dela eta, presondegiak biziki kritikatuak izan dira. Alvaro Gil Robles ONUren Giza Eskubideen komisarioak 2005ko irailean frantses kartzelak bisitatu eta gero, horrela erran zuen: ez dut sekulan ikusi hain presondegi zikinik, Moldavian baizik. Adibide ohargarria batez ere Moldavia ez delako Frantzian bezain aberatsa eta aitzinatua.

Gelaren neurria harrigarria da, 8,21m2 gizonentzat eta 7,59m2 emazteentzat, nahiz eta normalki neurri legala 9m2 izan. Berdina da ibiltzeko eremuetan, presoek 4m2 bakarrik baitute.

Ohar afrusa, kontutan hartzen badugu SPAk (Frantzian abereak babesten duen elkarteak) 5m2ko gelak eskatzen dituela xakurrentzat.

Argitasun eta aire berritasunaren egoera harritzekoa da ere. Ziegak 7 eta 30 luxeko argitasuna dute: baina irakurtzeko 300 lux behar dira! Zer erran aireari buruz? Komunak ziegan bertan dira...

Baina, azken urteetan beste fenomeno kezkagarri bat agertu da kartzeletan: HIESA. Horren esplikazioa, besteak beste, espetxe barnean diren toxikomano andana da. Gainera, bai xiringen trukaketak, bai eta harreman homosexualek ere – onartuak ala ez– kontaminazioa areagotzen dute.

HIESA apaltzen hasi zen 90.hamarkadan, baina hala ere kartzelako kutsadura indizea frantses nazioaren batez bestekoa baino zazpi aldiz handiagoa da.

Baldintza guzi hauek ondorio latzak dakartzate. Presoen %47ak depresioa duela dio 2006an egin zen galdaketa batek, %34ak droga eta alkohol arazoak, eta %24ak arazo psikologikoak.

Beraz, egoera zinez beldurgarria. Badirudi botere publikoek presondegiak ahantzi nahi dituztela eta presoak gizartetik baztertu. Non dira erraten zutenak espetxeen lehen helburua integrazioa zela eta ez errepresioa ?