425 Zenbakia 2008-01-25 / 2008-02-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zer egin dezakegu Bilbon?

LAISECA, Goizane

Begoñazpi Ikastola, Bilbo



Bilboko aisialdiaz eta uriaz gozatzeko aukera zabala dau. Bilbora etorri ezkero ez dozu aspertzeko unerik izango. Hona hemen Bilbo ezagutzeko eta ondo pasatzeko hainbat aukera. Bilboko Udaletxea, gauez. Bilbao.Gaua

Bilbao.Gaua programak gaueko aisia alternatiboa gazteengan bultzatzeko jarduerak egiten dauz asteburuetan. Bariku eta zapatuetan ekintza alternatiboak egin gura dabezan 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa da. Gainera, ez dago arazorik barrutikoa ez bazara, Bilbo osoko eta inguruetako gazteentzat sortu dira eta. Eskaintzen diran jarduerak alor nagusi bitan sailkatu daitekez: kultura eta kirola. Baina ikastaroren bat be egin daiteke. Kultur jarduerak doakoak dira eta ez da aldez aurretik izena emon behar, ikastaroetan izan ezik (web-orrian zehaztuta dagoz).

Beste alde batetik, kontuan hartu Deustuko Kiroldegian egiten diran kirol jardueratan parte hartu nahi badozu euro bi ordaindu beharko dozuzala, beti ere Bilbao Kirolak-eko abonatuaren txartela ez badaukazu edo ez bazara Bilbao.Gauako kidea. Sarrerarekin kiroldegian gau horretan egiten diran jarduera guztietan parte hartzeko eskubidea izango dozu. Monumentuak

Urian hainbat monumentu dago, eta bereziki azken urteetan uriko plaza eta parkeetan monumentuak ezartzeko joera nagusitu da. Uriko gune barrietan, Abandoibarrako gunean esaterako, hamar eskulturatik gora jarri dira 2001. urtetik hona. Bilboko Arte Ederretako Museoa. Museoak

Guztira Bilbon sei museo dagoz, egin dan azkena, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa da. Unamuno plazan, ostera, zientzia gaiak jorratuko dauzan museo barria egiten dabil Udala. Aipagarrienak honakoak dira:

Guggenheim Museoa: 1997. urtean inauguratu eben eta arte modernoaren azken obrak biltzen dauz. Euskal Herriko zein kanpoko lanak ikusi daitekez bertan. Txillida eta Oteizaren lanak erakutsi izan dira museoan. Frank Gehry arkitektoak diseinatu eban titaniozko eraikina. Mundu osotik etorritako milaka turistek bisitatu dabe museoa, uriaren ikur barri bihurtuz.

Arte Ederretako Museoa: 1945. urtean zabaldu eben. Bilbok Estatu mailako arte ederretako museorik onenetarikoa dauala esaten dabe aditu askok. Fernando Urrutia arkitekto bilbotarrak disenaitu eban eraikin klasikoa. Ordutik hainbat areto eta eraikin barri gehitu jakoz museoari. Azken hedapena 2001. urtean egin zan. Arte erakusketak egiteaz gain, Bilbon egingo diran hainbat proiekturen erakusketak be antolatzen dira noizbehinka. Horrez gain, Zinemateka programaren barnean garai ezberdinetako zine emanaldiak eskaintzen dira.

Bilboko Itsasadarra Itsas museoa: Bilbok beti izan dau itsasoagaz lotura handia. 2002. urtean zabaldu eben museoa, Euskalduna zubiaren azpikaldean eta Bilboko itsasadarraren mendebaldeko aldean. Museoak Bilboko itsasadarraren historia eta nabigazioan izandako barrikuntza eta hainbat tresnei buruzko informazioa eskaintzen dau. Horrez gain, aldi baterako diran erakusketak ere izaten dira. Musika

Arriaga antzokia: Bilboko antzokirik zaharrena da eta antzerki munduan, urian erreferentzia nagusia da. Horrez gain, musika eta dantza ikuskizunak be antolatzen dabez, bai eta Fant eta Zinebi zinema jaialdiak be. Bilboko itsasadarrak, Areatzak eta Zazpikaleek inguratzen dabe antzokia.

Bilborock aretoa: Bilboko garrantzitsuenetarikoa da gaur egun. Musika emanaldiez gain, antzerkia eta zinema ikuskizunak be ikusi daitekez bertan. Mesedeetako Zubiaren hasieran eta Hernani kalearen ondoan dago, San Frantzisko (Bilbo) auzoan.

Euskalduna Jauregia: Bilboko musika gune handiena da, bai eta kongresu edo biltzarren bilgunea be. Kirolak

Urian kirola praktikatzeko hainbat instalazio dagoz. Guztira sei kiroldegi dagoz auzo desberdinetan: Errekalden, Zorrotzan, San Ignazion, Deustun, Artxandan eta Txurdinagan. Zorrotza eta Errekaldekoek atletismo pista daukie gainera. Bi frontoi dagoz guztira, Errekalde Zumarkaleko Club Deportivo frontoia, eta Itxaropen kaleko frontoia. Eta laster, hirugarrena izango dogu Miribilla auzoan.

Bilboko Athletic Kluba: San Mameseko futbol zelaian jolasten dau 1912. urteaz geroztik. Athletic Klub taldea 1898. urtean sortu eben, Espainiar estatuko futbol talderik zaharrenetariko bat da eta 23 Errege kopa eta 8 liga irabazi dauz historian zehar. Beti egon da Lehenengo mailan. Jaiak Mari Jaia.

Bilboko Aste Nagusia: Bizkaiko uriburuko festa nagusiak dira. Bilboko konpartsak dira jaietako bultzatzaile historiko nagusiak, Bilboko Udalarekin batera, txosnen inguruan festagune zabala antolatuz. Halanda be, beste eragile batzuk be parte hartzen dabe. Festek ez dabe kutsu erlijiosorik, izaera herrikoiari eusten deutsie, izaera kultural, sozial eta politikoa mantenduz. Mari Jaia da jaien sinbolo nagusia, asmatutako pertsonaia herrikoia da. 1997. urtean abesti ofiziala kaleratu eben, “Mari Jaia dator” izenekoa, Edorta Jimenezen hitzen eta Kepa Junkeraren musika moldaketen uztarketa ezin hobea. Hori bai, jaien hasiera Andra Mari egunak (abuztuaren 15a) emongo dau, hurrengo barikuan hasiko baitira urtero jaiak.

Aste Nagusiagaz batera, uriko jairik ospetsuenetarikoa Santo Tomas da, abenduaren 21ean. Egun horretan Bilbon baserrietako produktu tradizionalak erakusten dira, eta mundu guztia hurbildu daiteke produktu honeek erostera jai giroan. Ohikoa da taloa txorizoarekin eta txakolinarekin dastatzea.

Baina hiriak baditu beste egun adierazgarri batzuk ere. Euretariko bat urriaren 11 da, Begoñako Andre Mariaren eguna hain zuzen, bizkaitarren zaindaria, eta “Amatxu” izenaz ezaguna. Egun horretan, baina baita lehen esan dogun legez, abuztuaren 15ean ere, erromesaldia egiten da Begoñako Basilikara, Bilboko sinbolo handienetako tokira. Tradizio erlijioso garrantzitsuak ere Aste Santuko prozesioetan islatzen dira.