426 Zenbakia 2008-02-01 / 2008-02-08

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Jexux Arzallus. (Errefuxiatu ohia): Hendaiarra naiz eta aldi berean badakit Goiatzen sortu nintzela. Bi herrietako izatea ez al da oso polita?

ARZALLUS, Maddalen

Bernat Etxepare lizeoa, Baiona (Batxilergoko ikaslea)

Bidasoa ibaiaren alde batean Irun eta Hondarribia bustitzen dira, eta bestean, Hendaiako herritarren egarria asetzen da. Leku zoragarria da Euskal Herria bitan banatzen duen mugarik handiena izanagatik. Zoragarria da bai, oso polita. Baina badira Hendaiako uraren ertzean eseri eta Hondarribi edo Iruneko uretan busti ezin direnak. Jexux Arzallus errefuxiatu ohiarekin hitz egin dut nik. Bera 1978an heldu zen Hendaiara eta oraindik ere han bizi da. Bere etxetik Hondarribia ikusten bada ere, 15 urte luzez begiz besterik ez du zapaldu ahal izan. Zergatik hautatu zenuen Hendaiara etortzea? Nola iritsi zinen bertara? Errefuxiatu bat errefuxiatzera heldu zenean, berak ez zuen aukeratzen non bizi behar zuen. Hasteko, lehen sarrera Anai–arteako etxean izaten zen, Donibane Lohitzunen; hau errefuxiatuei laguntzeko elkarte bat da. Han denboraldi bat eginda (hilabete pare bat edo hiru), taldean etxe bat alokatzen saiatzen ginen. Hendaiara, etxea bertan aurkitu genuelako etorri ginen. Noski, etxea aurkitzeko erraztasunak ere beste errefuxiatuak bizi ziren tokian egoten ziren normalki. Baina aukeratu baino gehiago, aukera zen hona etortzea. Donibane Lohitzune, 1996an. Errefuxiatu asko al zeuden Hendaian? Elkarren artean zer giro zegoen? Gu lau etorri ginen. Nik ez dizut esaten ahal zenbat errefuxiatu zeuden orduan hemen, baina badakit andana bat bazirela. Egunero ostatuan ikusten ginen anitz eta ikusten ez zirenak ere baziren, etxetik gutxiago irteten zirenak. Errefuxiatu asko bizi ziren Hendaian gu etorri ginenean eta beti izan da hala, beren familiek bisitatzeko ere herririk hurbilena delako. Santza bat da herri honetan bizitzea errefuxiatu batentzat. Gaur egun ere, noski badaudela Hendaian muga pasatzen ez dutenak, zenbat ez dakidan arren. Orain bizitza askoz ere klandestinoagoa da, eta zailago da jakitea kanpotik begiratuta zenbat dauden; baina dudarik gabe oraindik ere badaude. Ihesi etorri zinen Hendaiara, baina arrisku guztietatik salbu al zinen hemen? Momentu batzuetan pentsatzen genuen arrisku guztietatik salbu geundela, baina batzuetan bakarrik. Zenbait denboraz GALen garaia izan zen, nor nahi hiltzen zutena eta beste garai batean poliziak hartu eta hegoaldera itzul zintzakeen xuxen–xuxen, poliziatik poliziara. Beraz, batzuetan arrisku guztiak gainean genituen eta bestetan arrisku guztietatik salbu geundela pentsatzen genuen. Denetik izaten zen. Goiatz, 1970. urtean. Inoiz egongo zinen mugatik Irunera begira, Hondarribia ere ibai baten zabalerara besterik ez dago. Zer sentitzen zenuen Hondarribia eta Irun ikusten zenituenean? Ni Hendaiatik Hondarribira begira askotan egon naiz. Muga pasatzen ez nuen garaian, beste aldea hain gertu ikustea eta hala ere muga ez iragaitea guretzako zerbait zen. Ez dut errango horregatik hemen sufritzen bizi ginenik, baina maiz egoten ginen ibaiaz beste aldera so. Hendaiako hondartza itzuli bat emateko leku ederra da eta askotan egiten genuen, Hondarribira begira beti. Horregatik agian, ez zait behin ere burutik pasatu beste leku batean bizitzerik; hau oso gustukoa nuen. Asko itzuli ziren hegoaldera bizitzera. Beste batzuk aldiz ez dute oraindik muga pasatzen. Zu joaten zara hegoaldera baina Hendaian bizi zara. Nondarra sentitzen zara orain? 'Nondarra' galderari erantzutea oso bitxia da. Hegoaldekoa edo iparraldekoa oso hitz handiak egiten zaizkit. Espainola edo frantsesa naizela esatea bezala iruditzen zait niri. Nik esango nuke bakoitza bere inguruan bizi dela Euskal Herria bakarra izanik. Muga bat badago hor noizbait espainol edo frantsesek jarria, baina ni euskal herritarra sentitzen naiz eta kito. Bestalde, hendaiarra naiz dudarik gabe eta aldi berean badakit Goiatzen sortu nintzela eta Goiatzekoa ere sentitzen naiz. Bi herrietakoa izatea ez al da oso polita? Jexux Arzallus (Goiatz, Gipuzkoa) Gipuzkoan sortu arren gaztetatik bizi da Hendaian. Baina ez nahi izan zuelako, egoerak bultzatuta baizik. Errefuxiatu gisa joan zen. Hendaia beti izan du gustuko eta bertako hondartzatik Hondarribia begiratzea. Horregatik, besteak beste, ez zen beste leku batera joan bizitzera.