427 Zenbakia 2008-02-08 / 2008-02-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Antzinako emakumeak

BEGOÑAZPI IKASTOLAko lantaldea

(Bilbo)



Historian zehar beti pentsatu da emakumeek gizonek baino gauza gitxiagorako balio ebela, bakarrik etxekolanak egiteko, eta familia aurrera eroateko. Baina hori ez da egia. Hemen ikusiko dozuenez, emakumeek lan oso gogorrak egiten ebezan, egoera oso txarretan eta oso txarto ordainduta. Emakume garbitzaileak

Garbiketa uriko lanbiderik bitxienetarikoa eta iraunkorrenetarikoa izan zan; urietako maila baxuek jardun eben lanbide honetan, eta bereziki, emakumeek. Arroparen garbiketan emakume guztiak ibiltzen ziran, eta eginkizun hori etxeko lantzat hartzen zan. Urietan, hala ere, lan hori beste pertsona batzuentzat egiten eben emakumeak egoten ziran eta horren truke, soldata oso baxua jasotzen eben. Etxeetan ez egoan urik, eta gainera, eraikinen barruan ez egoan leku egokirik garbitzeko eta arropak esekitzeko; horregaitik, lanak etxetik kanpo egin behar izaten ziran, ibaietan edo garbitoki publikoetan. Lanbide gogorrenetarikoa izateaz gain, oso txarto ordainduta egoan; hala ere, ezinbestekoa zan.

XIX. mende amaierara arte, arropak ibai ertzetan garbitzen ziran. Emakumeak inklinaturiko zuretan edo harrietan belauniko jarri eta lan guztiz gogorra egiten eben, uragaz kontaktu iraunkorrean egozan eta horren ondorioz gaixotasunak hartzeko arriskua eben. Denborarekin, garbitoki publikoak jarri ziran; horreen barrutik ura ebilan eta, gainera, lanerako banakako postuen edo aulkitxoen kopuru aldagarria be baegoan. Horreen gainean arropari xaboia emon, igurtzi eta eseki egiten zan. Garbitoki horreek garbitzaileen lana errezagoa izatea ekarri eban; izan ere, belauniko eta bustita egotetik, zutik egotera igaro ziran, eta horrela, ez eben halako hezetasun handirik jasaten. Garbitzeko banakako harriak egozan, eta pila handiak ere bai, arropari xaboia kentzeko.

Lehenengo eta behin, arropa zikina biltzen zan, pieza kopurua zenbatu ondoren, eta arropa hori trapu handi baten inguruan biltzen zan; buru gainean, astoen gainean edo zinkezko azpiletan eroaten zan. Arropa garbitu ondoren, eguzkitan izten zan, belar gainean, edo nonbaitetik esekita, eta neskatoren batek izaten eban horren ardura. Arropa sikatu ondoren, luzatu eta tolestu egiten zan, eta gero, otzaratan sartu, barriro be jatorrizko lekura itzultzeko. Lana, garbituriko pieza kopuruaren arabera ordaintzen zan; prezioa eskatzaileek ezartzen eben,gehienetan diru–kopuru oso txikia zalarik.

Garbitoki publikoetan, emakume asko batera biltzen ziran eta horreen lana arropa gitxirekin egiten zan; hortaz, gizonek, eta baita mutikoek ere, debekaturik eben bertara joatea. Bilboko lehenengo garbitoki publikoa Bilbo Zaharrekoa izan zan eta 1868an eraiki eben, San Anton zubiaren eta artileen biltegiaren ondoan. Gero gehiago eraiki ziran, hain zuzen ere, uriko auzo garrantzitsu bakoitzean bat.

Goizeko seietatik (udan bostetatik) gaueko bederatziak arte egoten ziran irekita. Bertan, emakumeek albisteak eta informazioa emoten eutsen elkarri. Arropa garbitzeko tresna mekanikoak agertu ziranean, garbitzaileak apurka–apurka desagertzen joan ziran. Horri jagokonez, Bilbok ekimen bat abiatu eban XX. mende hasieran: makinen bidezko garbiketa ahalbidetzen eben garbitoki makaniko bi eraiki ziran, bata San Mames etorbidean (1907) eta bestea Castaños kalean (1908).

Beraz, onartezina da gizonezkoek emakumezkoek baino gauza gogorragoak egiten ebezala esatea, hori guzur hutsa dalako. Adibide ona, hemen azaldutako garbitzaileen kasua, egun guztia uretan sarturik eta belauniko egotea eta etxera heltzean gizona eta seme–alabak zaindu, janaria egin eta etxeko lanak burutzea, gizonezkoek egiten eben lanaren bikoitza edo hirukoitza zalako.