Euskonews Gaztea
Gaiak: Homosexualitateari gizarteak sortu oztopoak
Baionako fakultateko ikaslea
Norbere homosexualitatea deskubritzea, bereganatzea eta baieztatzea zaila da, oroz gainetik gazteek ez baitute modelo sexual identifikadorerik. Inguruan ikusten duten homosexualitatearen pertzepzio sozial negatiboak gazteak isolatzera eta marjinatzera bultzatzen ditu. Beren autoestimua beheitituz doan heinean, depresio, alkoholismo, toxikomania eta suizidioari emanago dira.
Gazte homosexualek sexualitate anonimoa dute gehienetan eta usu, topaketak interneten bidez egiten dituzte. Honela pertsona ezagutu gabe, pixka bat hitz egin eta gune batean elkartzen dira, beraien sexualitatea bizitzeko. Hau ez da, ordea, oso asegarria. Gazteek sekretu hori partekatu ahal izan behar dute.
Homosexualitateari buruz denetarik entzuten da eta usu mezuak negatiboak dira. Gazteek beraien orientazio sexuala onartzea nahi badugu, homosexualitateari buruz mezu positibo eta zuzenagoak zabaldu behar genituzke. Burasoek eta besteek haien tabuak hautsi behar dituzte, laguntzea lehenik eta behin onartzea baita. Hala ere, homosexualitatea onesten duen edozeinentzat ere zaila da bere haurra homosexuala dela onartzea, baitaki zer zailtasuni aurre egin beharko dion.
Norbere orientazio sexuala bereganatzea ezinbestekoa da geroari begira, nahiz eta bidea zaila izan. Norbere baitan hobeto sentitzea dakar horrek, barne oreka, norbere burua hobeto ezagutzea, eta ororen buru, heldu izatea karakterizatzen duen askatasun eta botere pertsonala. Onartua eta sustengatua izatea ezinbestekoa da. Maila horretan beti da errazagoa gazteentzat sostengua topatzea eta beraz zoriona lortzea.
Halarik ere, homofobia aski zabaldua da, maleruski, arlo anitzetan, hots, lanean, zerbitzu publikoetan, osasun arloan edota eskolan. Gehitu taldea horren kontra lanean ari da, esaterako.
Lanari dagokionez, administrazio publikoan, lan hitzarmenetan besteekiko berdintasuna dute homosexualek, beraz, printzipioz ez da arazorik. Eremu pribatuan, patronalaren eta lankideen jarreraren arabera gelditzen da. Legez ezin du inork langile bat kanporatu homosexuala delako, baina edozein aitzakia atzeman dezake.
Eskolan aldiz, heziketa sexuala lantzen denean, homosexualitatea gai berezi bat bezala lantzen da, alta ez da hala. Horrez gain, homosexualitateaz sexua bakarrik aipatzen da. Haatik, homosexualitatean ere bada maitasuna, afektibitatea, eta beste hainbat bizipen. Usu, sexualitatea lantzen da eta homosexualitatea aparte ematen da, hots, “denak gara heterosexualak, kontrakoa agertu arte”, Gehituko bazkide batek dion gisan. Ez dugu kontzienteki egiten baina jarrera horrek arazo handiak sortzen dizkio neska edo mutil homosexual bati. “Adibidez, irakasle guztiek neskei zein mutil gustatzen zaizu? galdetzen diete, eta ateraldietan neskak eta mutilak bereizten dira logeletan harreman sexualik izan ez dezaten” gehitzen du. Gehitu taldeak eskolan banatzeko materiala atera du; homosexual orientazioa du izena. Hogeita sei galderaz osatua da eta irakasleentzat da, kontzientzia har dezaten.
Iparraldean, Miarritzen, LGP elkartea ari da lanean. Hauek homosexualak kalera ateratzea nahi dute, urtero Miarritzen antolatu ibilaldi batean, besteak beste. Ohituren, orientazioaren, identitate sexualaren eta batez ere desberdintasun fisika, arraza, etnia, eta sozialei buruzko diskriminazioaren aurka aritzea, publikoki pertsona homosexualen eskubideak ezagutaraztea, IHESaren eta MST delakoen aurkako borroka eta prebentzioa, Lesbian and Gay pride–ean parte hartzea dituzte helburu nagusi.
Hauei denei esker, egoera anitz hobetu da. Ezagutzak aurriritzi absurdu edo sinplistak desagerrarazten jarraitzen du, baina bada lana oraino.