428 Zenbakia 2008-02-15 / 2008-02-22
Nahiz eta usu bestelakorik pentsatu, homosexualitatea jokabide naturala eta franko hedatua da ornodunen artean. Sexu berekoen arteko harreman sexualak 450 espezieren artean hauteman izan dira, batez ere gizartean bizi direnen artean. Baina, eboluzioari interesatuz gero, hauxe datorkigu gogora: nolaz erreprodukzioarekin bateraezin dirudien joera hau atxikia izan da belaunaldiz belaunaldi? Darwinen selekzio naturalaren esplikazio bat eskatzen du honek. Biologiak homosexualitatea anomalia kaltegarritzat dauka, baina orduan nolaz du halako proportzioa populazioan?
Eboluzioaren prozesuak erreprodukzioa ekiditen duten geneak automatikoki eliminatzen ditu, hauek ez baitute ondorerik. Baina orduan nolaz posible da hainbeste espezieren baitan existitzea homosexualitatea? Darwinen teoriak sexualitatea ugalketara mugatzen du. Dudarik gabe, egia da hainbat espezientzat, baina nahiko sinplista dirudi ornodun sozialei dagokienez. Argi da gizakien kasuan ugalketa ez dela motibazio bakarra, eta emeak lortzeko arren arteko lehiaren suposizioak ez du homosexualitatea azaltzen.
Baina arazo batek dirau. Homosexualitatea esklusiboa bada ez da ondorerik. Izadian, maila desberdinetako bisexualtasuna konstatatzen dugu; gizakion artean aldiz homosexualen gutxiengo bat da bisexuala. Zergatik sistema dikotomiko hori? Badirudi kulturaren ondorioa dela, 1500 urteko diskriminazioari erantzunez sortu bateratzea. Alabaina, Aitzin aroan, Grezian, Erromatar inperioan nahiz Asian, jokabide homosexualak ez ziren esklusiboak. Zesar “emazte guztien senar eta gizon guztien emazte” izendatua zen. Honela, argi da jokabide sexualak ez direla Darwinen selekzio sexualaren bidez bakarrik azaltzen.
Freudi dagokionez, ez du sekula homosexualitatea psikoanalisiko kontzeptu edo nozio propio gisa planteatu. Ez du disposizio sexual horretaz teoria espezifikorik egin. Izan ere, bere ustez, gizaki bakoitzaren baitan bada maskulino eta femeninoa, eta sexu bakoitzak beste sexuarena dena, gehiago ala gutxiago, gibelarazten du bere identitatea eraikitzeko. Honela, homosexualitatea aipatzerakoan, bakoitzak gure baitan integratu zerbait aipatzen dugu. Freudek ez du ongi ala gaizki den erraten, homosexualitatearen arrazoinak xerkatzen ditu, bere genesia; eta heterosexualengan den homosexualitate isildua, eta neurosia eta paranoiaren arteko lotura erakusten du. Honela, Freudek homosexualitatea giza sexualitatearen unibertsoan integratzen du eta gizatartzen, hautu psikiko inkontziente gisa kontsideratzeko. Ediporen eta inkontzientearen doktrinaren arabera beraz, homosexualitatea bisexualitate humanoaren ondorio gisa, heterosexual guziengan den egoera gorde bat da.
XX. mendeko psikiatrikoentzat homosexualitatea inbertsio sexual bat izanen da, anomalia psikiko, mental eta konstitutibo bat, identitate eta pertsonalitate arazo bat. 1970 urtera arte itxaron beharko da homosexualitatea ez gehiago eritasun gisa ikusteko, praktika sexual gisa baizik, eta ohartzeko homosexualitateak ezin duela pertsona baten identitatea laburbildu.