Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Joseba Rodriguez. (Okina): Etxeak eraikitzea ondo dago, baina herriko gazteentzako izan daitezela, hemendik joan ez daitezen
Burdinibarra ikastetxea (Trapaga)
Bai, azken urte hauetan zenbait aldaketa ikusi ahal izan ditugu hemen. Herriaren itxura aldatu da, orain dela gutxi golf zelaia egin baitzuten eta hara iristeko errepidea eraiki zen. Herriaren sarrera aldatu da, eta horrez gain, etxe berri batzuk eraiki dituzte lehen antzinako meatzari ospitalea zegoen lekuaren inguruan.
Eta zer deritzozu golf zelaiari?
Nire ustez, golf zelaiaren eraikuntza positiboa izan da, hara joateko eraiki behar izan dituzten azpiegiturak onuragarriak izan baitira. Herriaren sarbidea hobetu egin den arren, orain trafiko gehiago dago...
Zein eragin izan du hemengo jendearengan?
Golf zelaiak ez du eragin handirik herriko jendearen bizitzan. Lehen esan dudan bezala, errepidean nabaritu da batez ere, trafiko gehiago eta lasaitasun gutxiago dugu. Herriko jendea ez da golf zelaira joaten, ez du erabiltzen. Golf zelaian jokatzen duen jendea ez da hemengoa.
Eta zein da herritarren iritzia zelaiarekiko?
Herrian iritzi desberdinak daude; nori galdetzen diozun, erantzunak aldatzen dira. Abeltzainei galdetzen badiezu abereentzako larre handiak galdu dituztela esango dizute. Azken aldian abereak errepide inguruan dabiltza eta batzuetan bidera sartzen dira trafikoa oztopatuz.
Golf zelaira etortzen direnak herriko tabernetan kontsumitzen al dute?
Jolastera etortzen den jendearen gehiengoak golf zelaian bertan dagoen kafetegian kontsumitzen du. Egia da tabernetan jende gehiago antzematen dela, baina portzentaje altu bat bertan geratzen da eta ez da herritik pasatu ere egiten.
Etxe berriak ere egin dituztela entzun dugu...
Hala da eta horiei dagokienez, hainbat kexa agertu dira herrian, etxeetan biziko den jendearen % 85a kanpokoa delako. Herritarrei etxe berri horiek herriko jendearentzat izatea gustatuko litzaieke, gazteentzat edo behar dutenentzat. Kontua da herriaren biztanleria zahartzen ari dela, besteak beste, gazteak beste leku batzuetara joaten direlako bizitzera, hemen ez baitago etxe librerik.
Aldaketa horiek herriaren estetika apurtzen al dute?
Bai, eraiki berri dituzten etxeak herriaren estetika apurtzen dute. Herriaren meatzari iraganarekin zerikusia ez dutelako. Zugaztietaren ikuspegi orokorra, 1999. urtea.
Zergatik uste duzu ari dela ingurua aldaketak jasaten?
Uste dut Zugaztieta aisialdirako herri bat dela eta jende asko etortzen da gure inguruak bisitatzera, eguna pasatzera edo bizikletan ibiltzera....
Zeintzuk dira Udalak egin nahi dituen aldaketa berriak?
Udalak enpresa bat kontratatu zuen txosten bat egiteko. Bertan, proiektua hainbat puntutan banatuta dago; lehena herriko kaleak oinezkoentzat egitea da. Beraz, aparkaleku berriak egin beharko dira herriaren inguruan.
Beste puntu bat, frontoia lekuz aldatzea da, aterpetxearen eta futbol zelaiaren arteko espazioan ipini nahi dutena. Hala, polikiroldegi handiago bat egingo dute eta orain frontoia dagoen lekuan, berriz, etxe berriak eraikiko dituzte. Hauek eraikitzeko zenbait etxe botatzea beharrezkoa izango da.
Horrez gain, turismo bulegoa berriz lanean jartzeko asmoa dute eta egurrezko bi etxe prestatu nahi dituzte bi meatzari museo egiteko; hauetan, herriaren historiaz eta meatzarien iraganaz hitz egingo da.
Alegazioak ere egin dizkiezue puntu horiei...
Halaxe da. Proiektua aurkeztu zenetik alegazioak egiteko oso denbora gutxi eduki dugu. Hori dela-eta, auzokideek sinadurak bildu zituzten alegazioak egiteko epea luzatzeko eta udalean aurkeztu zituzten. Auzokideek alegazio asko aurkeztu dituztenez proiektu berria egiterakoan kontuan izango dutela esan digute.
Auzokideak ados daude aldaketekin haien eguneroko bizitza aldatzen ez duten heinean eta aldaketa horiek herritarren onurarako baldin badira, noski, eta ez bakarrik herria bisitatzen duen jendearentzat.
Zein aldaketak nahi izango zenituzke zuk zeuk?
Nire iritziz, herriak zerbitzu gehiago eta hobeak behar ditu. Honekin esan nahi dut medikua eta farmazia iraunkorra eta jende nagusiarentzako egoitza behar ditugula. Kutxazain automatikoa ipintzea ondo legoke; hainbat aldiz esan dute ipiniko zutela.. Eta etxeak egitea, baina herriko jende gaztearentzat, hemen geratu ahal izateko. Urte askotan lurralde hauetako aberastasuna atera eta gero, ordua da herriaren onurarako gauza gehiago egitea. Joseba Rodriguez (Zugaztieta) Okina da Joseba Rodriguez. Horretaz gain, ezaguna da Zugaztietako (La Arboleda) auzokideen biltzarretan parte hartzen du. Hori dela eta, herrian ematen ari diren aldaketei buruz asko daki, eta bere iritzia emateko ere aprobetxatu du hizketaldia.