429 Zenbakia 2008-02-22 / 2008-02-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: El Pobal burdinola

BURDINIBARRA Ikastetxeko lantaldea

(Trapaga)



Gure inguruan garrantzia handia izan du beti industriak, meatzaritzatik hasi eta sektore zabal bateraino; urte luzetan zehar ogia irabazteko bidea izan da. Eta orain museoek gogoratzen dute garai hori. El Pobal burdinola helburu didaktikoetarako prestatutako gune bat dugu, Barbadun ibaiaren ezkerreko ibarreko bihurgune batean kokatuta dago.

Museo hontara hurbiltzen diren bisitarientzako gune desberdinak antolatu dituzte. Hala, El Pobal burdinolan hiru esparruz gozatzeko aukera izango du jendeak: alde batetik, areto ezberdinez osatuta, burdinolaren eraikina osatzen duten esparrua aurkituko dugu; bestaldetik, errotaren gela ? hau guztiz hornituta dago, eta jarduteko moduan gainera– eta, azkenik, Salazar sendiaren jauregi–etxea, gotiko berantiarreko estilokoa eta jakin badakigu, XVI. mendeko aurreneko urteetan eraiki zuten olagizonak bertan bizi izan zirela.

Baina hori ez da dena. Berriki, eraberritzeko lanak egin dizkieten ogitarako bi labe ere ikusteko parada izango dugu eta ibaiko, hau da, Barbaduneko urak gainditzen dituen XVII. mendeko zubi zaharra nolakoa den ezagutuko dugu.

Salazar sendiaren jauregian dago museoaren harrera–gela, eta gero, lehen solairuan errota lanari buruzko erakusketa ikusteko aukera izango dugu, eta bide batez, lanbideari buruz gehiago ikastekoa.

Berreraiki egin behar izan dituzte osorik errotaren ekipamendu mekanikoak. Hala, XVII. mendeko jatorrizko ur–gordailu, estolda eta hustubidea oinarri hartuta, Enkarterrietako berezko eredua islatu nahi izan dute.

Gotorlekuko dorre motz bat ere badago El Pobalen, eta gainera, burdinola hidraulikoaren instalazio eta tresna tradizionalen parte bat ere kontserbatzen da bertan: ubidea, gurpilak, ikaztegiak, eta lantegia, labea... Forjaketa tradizionalaren erakustaldiak egiten dira astero bisitarientzat, eta modu horretan, garai hartan ogia irabazteko modu honi buruz gehiago ikasteko aukera ematen digu.