430 Zenbakia 2008-02-29 / 2008-03-07
Getxo Antzokia lehen Gran Cinema izenez ezagutzen zen baina, urte batzuetara, Getxo Antzokia izena eman zioten.
Hala ere, Getxo Antzokia ez zen Algortako lehen zinema izan, izan ere, bazegoen “El Cervantes” izeneko bat Konporte kalean, eta zinema hartako ateak 1923an zabaldu ziren lehen aldiz. Gaur egun, Getxo Antzokia dagoen tokian ikuskizun areto bat eraikitzekotan egon ziren 1925ean, “Salon de Espect?culos Erguía” izenekoa. Urte berean, obra baimena eskatu zuten, baina berehala atzera egin eta bertan behera utzi zuten asmoa. Orduan, zinema bat eraikitzea pentsatu zuten, Algortako “Gran Cinema” izenez ezaguna.
Proiektu berri hau 1925eko urtarrilaren 3an aurkeztu zen, baina 1927an hasi ziren aurrera eramaten. Harrez gero, 80 urte bete zituen iaz eraikitzen hasi zirenetik. Hasieran 600 jesarlekuko aretoa jartzea pentsatu zuten baina azkenik 620 jarri zituzten.
Hasieran, behe solairuan patioko egurrezko jesarlekuak ageri ziren (esaten dutenez, bat ere eroso ez zirenak). Baina denbora igaro ahala hauen erosotasuna hobetu zuten. Goiko solairuan berriz, bi eserleku mota zeuden, orokorrak eta aurrekoak. Eta itxarongela gaur egunekoa baino handiagoa zen lehen, izan ere, proiekzio gela txikiagoa zen.
Aretozain lanetan aritu zen lehenengo pertsona Enrique Egiluze izan zen. Garai hartan jendeak gaztainak, kakahueteak eta txufak eraman ohi zituen zinemara filma ikusi bitartean jateko, baina beste batzuek pipak eta txikleak ere eramaten zituzten. Hauek gehiegi zikintzen zutenez gero, zinemara edozein jaki eramatea debekatu zuten azkenean.
Erretzea ere debekatuta egon arren, duela urte batzuk sute bat egon zen zineman, norbaitek zigarro bat erre zuelako.
Aipatu behar da lehen estatua eta eliza zirela filma norentzako zen erabakitzeko arduradunak. Modu berean, denbora luzez umeentzako ekitaldiak arratsaldeko hiruetan hasten ziren eta nagusientzakoak bostetatik aurrera.
Orain dela urte asko, “urrezko aroa” bezala ezagutu zen garaia eman zen. Orduan, emanaldietarako sarrerak zenbakituak ziren eta igande eta festetan jendeak sarrerak gorde ohi zituen. Gainera, bazeuden beraien jesarlekua erosita zutenak ere.
Zinema ikustaldiez gain, Algortako Gran Cinemak antzerki ikuskizunak ere egin zituen, horregatik, Getxo Antzoki izena hartu zuen azkenean. Antzoki berriaren irudikapena. Antzoki berria
Argi dago Getxok antzoki berri bat behar duela eta hori da eskuartean daukaten proiektua. Kultura eta arterako erreferentzia izatea planifikatu dute.
Getxo Antzoki berria Basagoiti etorbidean eta Obispo Etxehandia kalearen arteko lotunean kokatuko dute, San Nikolas elizaren aurrean. Kale bien artean plaza bat egongo da, estali gabekoa, eta bertan azokak, jokoak eta aire zabaleko jarduerak egin ahal izango dira. Horrela, getxotarrek lehen mailako eta kalitate handiko eskaintza kulturala edukitzeaz gain, entzunaldietarako areto bat, gelak, biltegiak, aldagela modernoak? izango dituzte.
Antzoki berri honetan edozein ikuskizun egin ahal izango da, arte eszenikoetarako eta arte eskolarako espazioa bihurtuko baita. Algortan Areeta Musika Eskolak izango duen ordezkaritza egongo da, esaterako, eta gainera, musika irakaskuntza emateko aukera ere izango du.
Amaitzeko, nabarmendu beharko genuke, Getxoko haur guztiak noizbait joan direla edo joango direla Getxo Antzokira, eta berrikuntzak beharrezkoak direla guztiok goza dezagun.